Iñigo Arantzamendi ondarrutarra, Euskadi Ultra Txapelketaren podiumean
Ioseba Eskudero eta Oihana Azkorbebeitia dira aurtengo txapeldunak. Arantzamendi lehenengo sailkatu da beteranoen A kategorian.
G2 Haundiak Goierri Trail proban erabaki dira 2023ko Euskadi Ultra Txapelketaren zein Euskal Herriko Ultra Kopako irabazleak, asteburuan. Oihana Azkorbeitia Urizarrek eta Ioseba Eskudero Perezek irabazi dute txapelketa, eta Azkorbeitia eta Iban Agirrezabala Iturraldek kopa (koparen laugarren eta azken proba izan da).
Iñigo Arantzamendi Alkorta ondarrutarra Euskadi Ultra Txapelketan bigarren sailkatu eta beteranoen A kategorian gailendu da.

Argazkia: Euskal Mendizale Federazioa
Asteburu honetan mendi lasterketen zaleen arreta gunea Goierrin izan da. Bertan egin da Beasaingo Arrastaka Mendi Kirol Taldeak antolatzen duen Ehunmilak lasterketa, mila boluntario baino gehiagoren laguntzarekin. Barikuan 23:00etan hasi zuten lehia, Beasaingo plazan. 500 parte-hartzaile baino gehiagok 88 kilometroko eta 6.000 metroko desnibel positiboko ibilbideari ez ezik, tenperatura altuei aurre egin behar izan zieten.
Txindokiko Lepoa eta Uarraingo igoerari aurre egin aurretik, Zaldibia eta Larraitz arteko bigarren zatian izan zuten lehenengo zati erabakigarria; gailurretako haize hotzaren eta beroaren eta hezetasunaren kontrastearen ondorioz, korrikalari asko erretiratu ziren. Lizarrusti eta Etzegarate artean, lasterketaren erdialdean, San Adrianen hasten zen igoera zorrotzari begira, “parte hartzaileak dosifikatu ahal izan ziren”, probako punturik altuenera, Aizkorrira, iristeko. Handik aurrera ia dena aldapan behera egin zuten probaren azken laurdenean, Beasaingo helmuga zeharkatu arte. “Oro har, baldintza oso onetan zegoen eremua”.
Hain zuzen ere, Eskuderok eta Azkorbebeitiak lidergoari eutsi zioten bigarren handian (Aizkorrin). Eskudero hasieratik amaierara arte nagusi izan zen, eta Aritz Egearen errekorrarekin lehiatzeko moduko denborak markatu zituen ibilbidean zehera. 10 ordu, 12 minutu 32 segundotan burutu zuen lasterketa. Bigarren postua oso lehiatua izan zen. Arantzamendi bigarren zihoan, Etxegaraten Fidel Fernandezek harrapatu zuen arte. Ondarrutarrak garaiz erantzun zion, baina Fernandezek lortu zuen bigarren postua.
Emakumezkoetan ere Azkorbebeitiaren nagusitasuna erabatekoa izan zen; 12 ordu, 40 minutu eta 43 segundotan osatu zuen ibilbidea. Gizonezkoetan bezala, emozioa podiumerako borrokarekin bizi izan zen, Larraitz Aragon eta Izaskun Sanz bigarren postua lortzeko lehian aritu ziren. Txindokin egindako lanari esker, Aragon sailkatu zen bigarren.
Euskadiko ultra txapelketa:
- 1.- Oihana Aizkorbebeitia Urizar eta Ioseba Eskudero Perez
- 2.- Larraitz Aragon Irusquieta eta Iñigo Arantzamendi Alkorta
- 3.- Amaia Ochoa de Alda Zudaire eta Iban Agirrezabala Iturralde
- Beteranoak:
- A kategoria (40-49 urte): Oihana Aizkorbebeitia Urizar eta Iñigo Arantzamendi Alkorta
- B kategoria (50-59 urte): Amaia Ochoa de Alda Zudaire eta Ibon Pujana Iturbe
- C kategoria (+60 urte): Julen Uriarte Goñi
- Kluba: Soronea-Ammma KK.
- Beteranoak:

Argazkia: Euskal Mendizale Federazioa