Leartibai Fundazioak hasiera eman dio Systour Interreg Europe proiektuari
Landa eremuetan turismo jasangarria sustatzera bideratutako proiektua da. Lehendabiziko Ikasketa Bisita egin dute bazkideek Hungariara, haien jardunbide egokiak ezagutzeko.
Leartibai Fundazioak Systour Interreg Europe proiektua hasi du. Lau urteko iraupena dauka proiektuak, eta helburu nagusiak turisten fluxua balioztatu gabeko landa eremuetara eramatea eta turismo jasangarria sustatzea dira. Horretarako, Politecnico di Torino erakundea ari da proiektua zuzentzen, eta beste sei erakunde bazkide izango ditu, horien artean Leartibai Fundazioa. Horrez gain, Italiako, Espainiako, Frantziako, Hungariako, Poloniako eta Finlandiako 90 erakunde eta pertsona laguntzaile baino gehiago ari dira elkarlanean.
Proiektuan partaide diren eskualdeetako sei diagnostiko integral egingo dira eta, ondoren, oinarriak ezarriko dira herritarren bizi kalitatean eragin positiboa izateko eta lurraldeen garapen jasangarria ahalbidetzeko.
Jarduerak hiru fasetan banatuta daude. Fase nagusian, turismo jasangarria sustatzera bideratutako 30 jardunbide politiko on partekatuko dira, sei lurralde bisitatuz. Horietatik lehenengoa, pasaden ekainaren 20tik 22ra Hungariara egindako bidaia izan da.

Leartibai Fundazioko eta Systour Interreg Europe proiektuko kideak, Hungarian. Argazkia: Naroa Eskabias.
Jarraipen fasean sei inkesta integral garatuko dituzte, hautatutako eskualdeetako turismo sektorearen testuingurua ulertu eta hutsune politikoak identifikatzeko. Azkenik, itxiera fasean, garatu beharreko politikei buruzko bide orri politikoak zehaztuko dituzte.
Silvia Barbero proiektuaren koordinatzaile zientifikoa pozik dago proiektuagaz: “Herrialde horiek dituzten lurralde aniztasunak bultzatu beharko dira, Europaren aberastasuna banakako ezaugarriak indartzeko gai izatean datzalako, jasangarritasun helburu komunak bilatuz eta tresnak eta esperientziak partekatuz”.