Martxan dago Lekeitio eta Oleta arteko oinezkoen bidea hobetzeko proiektua
Bidea ez ezik, proiektu integralago bat egiteko beharra dagoela ere ikusten dute.
BizkaiaGara, Bizkaiko Boluntariotza eta Partaidetza Agentzia, Lekitto Bedarra taldea eta Lekeitio, Amoroto, Mendexa eta Ispasterreko udalak elkarlanean dabiltza LAMI proiektuagaz Lekeitio eta Oleta arteko oinezkoen bidea hobetzeko. Lekitto Bedarra taldeko kideek azpimarratu dute inguru horietatik mugitu behar direnentzako oso arriskutsua dela gaur egungo errepideetatik ibiltzea.
Hainbat aurkezpen ekitaldi egin dituzte apiriletik hona, eta aurrerapausoak lortu dituztela nabarmendu dute. Horrez gain, azpimarratu dute Lekeitio, Amoroto, Mendexa eta Ispasterko udalengandik eta inguruko Gizaburuaga, Aulesti eta Munitibarko udal eta alderdi politikoengandik “erabateko babesa eta harrera ona” lortu dutela.

Ekainaren 8an egin zuten aurkezpen ekitaldia, Markina-Xemeinen. Argazkia: Lekitto Bedarra.
Lekitto Bedarra taldeko kideek arlo ekonomikoan ikerketa egin ostean, proiektuan aurreikusitako 2.270 metroko ibilbidea 1.174.000 euroko aurrekontuagaz aurrera eraman daitekeela uste dute.
Uztailaren 5ean egin zen azken bilerara bertaratutako partaideek konpromisoa hartu zuten lan mahai bateratu bat sortzeko herri bakoitzeko udal eta oposizioko ordezkariekin. Lekitto Bedarra taldeko kideek nabarmendu dute herritarrak direla erdigunea. Horregatik garrantzitsutzat jo dute orain arte modura herritarrekin proiektua lantzen jarraitzea.