Arraun Ondarru, ogibidetik kirolera
Arraunaren historia jaso eta herritarrei eskuragarri jarriko diote; dokumentazio lanaren, erakusketaren eta dokumentalaren bidez. Zozketa jarri dute martxan proiektuari babesa emateko; herriko 151 establezimenduk parte hartu dute, "erantzuna ikaragarria izan da".
Ondarroako Arraun Elkartearen 50. urteurrena aitzakia hartuta hainbat ardatz dituen proiektu bat abiarazi dute Arraun Ondarru, ogibidetik kirolera; helburua arraunaren historia jaso eta herritarren eskura jartzea da. “Gure herrian arraunak daukan garrantzi historikoa jasotzen gabiltza”.
Ekimena guztiz dinamikoa izateko asmoz jaio zen, eta zehazki, hiru ardatz ditu proiektuak: dokumentazio lana, erakusketa eta dokumentala. Lehenengo ardatzari dagokion lanketa, gaur gaurkoz, amaitutzat eman dute. Helburua XIX. mendetik gaur egunerainoko ibilbidean ahalik eta datu historiko gehien biltzea izan da, ondare bat sortu eta jendeari eskuragarri jartzeko asmoz eta Iker Alkorta ondarrutarra izan da dokumentazioa lantzearen ardura izan duena.
Lanketa hemeretzigarren mendean hasi dute, zehaki, arrauna eta estropadak ogibide izaten hasi ziren garaian, “ibilbide horretan Ondarroa presente egon izan baita beti”. Arrantzaleek izandako rola jaso dute, eta baita ere, arrantzaleen ama, alaba eta emazteek egindako lana.
“Ekimenaren helburua sozializatzea eta konplizitateak sortzea da”
Hasiera batean Ondarroako Kofradiaren izenean lehiatzen zituzten estropadak, arrantzaleak baitziren arraunlariak. 1902tik aurrera Ondarroak ez zuen parte-hartze esanguratsurik izan eta 1925ean, berriz, Aurrera Kirol Elkarteak bultzatu zuen estropadetan parte hartzea: “1926ko bandera Aurrerak bultzatutako ekimen bati esker izan zen”. Hori dela eta Kofradiaren eta Aurreraren babesa jaso dute proiektua aurrera eramateko.
Konplizitatea bilatzen. Lehenengo urratsa beteta, jendeari proiektuaren berri emateko unea heldu dela ikusi dute Ondarroako Arraun Elkarteko kideek, herriarentzat egindako proiektua izanik, ekimena sozializatu eta konplizitateak sortzeko, horretarako, zozketa bat jarri dute martxan: “Ekimenaren helburua sozializatzea eta konplizitateak sortzea da, herriari zertan gabiltzan kontatzea eta parte izatera animatzea”.
Zozketan 151 establezimenduk parte hartu dute.
Herriko merkatari, ostalari eta enpresetan ateak jo ostean, uste ez zuten egoera batekin topo egin zuten: zozketan 151 establezimenduk parte hartu dute. “Asko harritu gaitu datuak, hasiera batean 50 lortzea zen erronka, baina datuak ikaragarriak izan dira. Zenbat eta oihartzun gehiago eta laguntza gehiago jaso, proiektua txukunago egiteko aukera izango dugu”. Bakoitzak bere erako ekarpenak egin ditu, eskaintzen dituzten zerbitzuak kontuan izanik. Horrela zozketa erraldoia antolatzea lortu dute; 151 sari banatuko dituzte. Salmenta puntuak dira horietatik 80 eta irailaren 28ra arte egongo dira eskuragarri.
Ekintza hauekin atzera begiratzeaz gain, etorkizunera ere begiratzea da helburua: “Arraun Elkarteak aurrera jarraituko du konplizitate horrekin jarraitzen badugu, 50 urte egin dira, eta aurrera begira ere beste 50 egitea da ideia, baina horretarako konplizitateak beharrezkoak dira”.
Lehenengo atala burututa, herriari jakinarazita, eta inplikazioak bilatzeko saiakerak eginda, proiektuaren ondorengo bi urratsak ere martxan daude: erakusketa eta dokumentala. Erakusketarako argazkiak eta materiala biltzen ari dira: “Material guztia jasoko da. Material indartsu asko dugu”. Gaur gaurkoz ez dute datarik zehaztu, ezta kokapenik ere. Bestalde, dokumentala dute hirugarren ardatza. Ondarroako Asier Ribera eta Jon Iriondo dokumentalgileak lanean ari dira, eta grabaketekin hasita daude eta proiektua abian dago.