Bertatik Bertara kanpaina martxan da Lea-Artibaiko hainbat herritan
Markina-Xemeinek, Lekeitiok, Ondarruk, Amorotok, Etxebarrik eta Ziortza-Bolibarrek parte hartuko dute kanpainan.
Uda honetarako ere Bertatik Bertara kanpaina jarri dute martxan Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) eta bertako kide diren hainbat udalek. 300.000 mahai gaineko inguru banatuko dituzte herriko ostalarientzako, beste hainbat materialen artean. Aurten, lehenengoz, diptikoak ere banatuko dituzte turismo bulegoetan, ostatuetan, landetxeetan eta antzekoetan banatzeko.
Lea-Artibaiko hainbat herrik parte hartuko dute kanpainan: Markina-Xemeinek, Lekeitiok, Ondarroak, Amorotok, Etxebarriak eta Ziortza-Bolibarrek. Kanpainaren barruan ez badaude ere, Aulestin eta Munitibarren ere banatuko dituzte mahai-zapiak.
Udalerrietara joaten diren bisitariak zein bisitariekin harremana duten zerbitzuetako langileek euskara aintzat hartzeko helburuarekin sortu zuten kanpaina, duela lau urte. Goizane Arana kanpainako koordinatzaileak bisitariekin hartuemana euskaraz izan daitekeela aldarrikatzen du: «askotan bertako hizkuntza alde batera uzten dugu, bisitariei arreta erdaraz eskainita».
Ziortza-Bolibarren egin duten agerraldian adierazi dute udalak, bertako herriko tabernak eta hainbat jatetxe eta aterpetxek ere bat egin dutela kanpaina honekin.
Euskara erdigunean. Agerraldian azpimarratu dute herritar guztiak animatu nahi dituztela herrira doazen bisitariekin euskara erabiltzera. Nabarmendu dute udaro herritik milaka bisitari pasatzen direla, batez ere, Donejakue bidea eginez datozen oinezkoak. Horregatik, herritarren laguntzaz gain, bisitariek euskarazko oinarrizko hiztegia deskubritu dezakete Uemak eskuragarri jarri eta Udalak banatuko duen materialen bitartez. Besteak beste, euskarazko hainbat hitz eta esaldi biltzen dituen mahai zapia banatu zieten pasaden astean herriko merkatari eta ostalariei, eta “oso harrera ona” izan duela eta “ideia ona” iruditu zaiela aipatzen dute udaleko ordezkariek.
Parte hartuko duten ostalari eta merkatarien artean daude, besteak beste: Ikestei jatetxe-agroturismoa, Amola jatetxea, Kanpape jatetxea, Arkupe taberna (abuztuan irekiko dena), Ziortzako fraileen denda eta aterpetxea, Usandi aterpetxea eta Simon Bolibar Museoa.
Ziortza-Bolibarko Udaleko kideek azpimarratzen dute bisitariekin duten hartuemanen kalitatea hobetzea dela beraien asmoa, eta bide batez, Euskal Herria zer den hobeto erakustea: “zer gauza motibagarriagoa egon daiteke bisitari batentzat hemengo kultura eta hizkuntza ezagutu eta gurekin elkarrizketa bat partekatzea baino?”.