Aparteko soinu bat Lekeitioko kaleetan barrena
Euskal ezkontza antolatu du Gora Buru elkarteak, 45. urtez jarraian, Lekeition.
45. urteurrena da aurtengoa Euskal Ezkontza antolatzen dabiltzan Gora Buru elkartekoentzat. Bihar [uztailak 14] 19:30ean izango da gurdi janztea, eskolapean eta etzi [uztailak 15] 19:00etan hasiko da ezkontza, Itxaropena txistulari taldeak lagunduta. 19:45ean ezkontza agiria irakurriko dute plazan, eta ostean kalejira egongo da. Egunagaz amaitzeko, 20:15ean “Laia” dantza ikuskizunagaz gozatu ahalko da.
Euskal ezkontza izena jarri zieten arren, “etxe sartzea” da jatorrizko izena. Norbait ezkondu eta etxez aldatu behar zenean, gurdian sartu behar izaten zituen jantziak eta etxeko naiz laneko tresneria guztiak: zenbat eta gurdi gehiago, orduan eta aberatsagoak ziren seinale. Inguruko lagun eta familiko guztiek laguntzen zuten jarduera berezi honetan, eta etxe berrira iristean erromeria egiten zuten.
Gaur egun, Gora Buru elkartekoak gurdia janzten hasi aurretik, hainbat baserri eta etxe partikularretara joaten dira, jantziak eta tresneria biltzera. Horrez gain, batzokian ere jatorrizko hainbat material dituzte eta guztia elkartu eta erakusketa egiten dute, gurdi janztea baino ordu erdi lehenago, eskolapean. Ostean, tresna eta jantzi guztiak gurdian jarriko dituzte. Antolatzaileetako batek aipatzen duenez, “gurdia janztea arte bat da”, eta beraiek Ignacio Kaltzakortagaz ikasi zuten nola egiten zen. Une “oso berezia” izaten dela diote elkarteko kideek, eta jendeak asko eskertzen duela.
Zapatuan, ezkontza egunean, urduri egoten direla aitortu dute Gora Burukoek, prestakuntza asko egin behar dituztelako oraindik. Etxebarriko Alfonso Unamuno baserritarraren behiek tiratzen dute gurdia, batzokian hasi eta plazaraino.
Herrikoak beti hurbiltzen direla diote elkartekoek, nahiz eta urtero irteten diren Lekeitioko kaleetara. Beste edozein herriko ohituraren antzera hartzen dutela diote. Hala ere, elkartekoek nabarmendu dute euskal ezkontzak berezitasun bat duela: jatorrizko tresneri eta erropekin ahal duten fidelenak direla, hain zuzen ere. Gurdi berezia da elkartekoek dutena, izan ere, Euskal Herrian ez da halakorik geratzen, ezta Espainiako estatuan ere. Soinu berezi bat egiten du, garai batean klaxon bezala erabiltzen zena: “jendeak gurdia ikusi gabe ere soinua identifikatzen du”.
Azpimarratu dute “tradizioa, kultura eta ohiturak zaintzeko” egiten dutela, eta jendeari Euskal Herriko berezkotasuna eta apartekotasuna ezagutarazteko.
Tradizioa bizirik. Elkarteko kideek adierazi dute beraiek zaharragoengandik hartu zutela tradizioa eta 1977. urtean jarri zutela martxan lehenengoz. Gaur egun 100 lagun inguru biltzen dira, gazteak tartean. Pandemiak kalte handia eragin zuen eta, ondorioz, eten bat egin behar izan zuten. Hala ere, pixkanaka berreskuratzen dabiltzala eta aurrera jarraitzeko modura dagoela azaldu dute.