Berriatua eta Mutrikuren artean egongo da herriartekoa
Barikuan [uztailak 14] Euskal Herriko Herriarteko zesta-punta Txapelketako finala lehiatuko dute, Zumaian, Berriatuak eta Mutrikuk.
Iazko Euskal Herriko Herriarteko zesta-punta Txapelketako finaleko bi protagonistek, Berriatuak eta Mutrikuk, errepikatu egingo dute aurtengo ekitaldian ere. 18:30ean hasita, Zumaiako Aitzuri pilotalekuan, zein baino zein gehiago ariko dira mutrikuarrak eta berriatuarrak. Kadete, junior eta nagusi mailako partiduak lehiatuko dituzte. Lehen bi norgehiagoketarako, Berriatua hautagai da, eta iazko emaitzak alde dituzte. Aurten ere, hautagai nagusietako bat, Markina-Xemein, lehiaketatik kanpo uztea lortu dute. Mutrikuarrek ezustekoa emateko aukerak ere, azaldu dutenez, handiak dira.
Berriatuarren aldetik, ondorengo puntistek parte hartuko dute: kadete mailan, Denis Alberdik eta Aratz Goikoetxeak; juniorretan, Xabier Arrasatek eta Ortzi Aldazabalek; nagusi mailan, ostera, Antxon Alberdik eta Roberto Lekuek. Mutrikuk, bere aldetik, ondorengo pilotariak aurkeztuko ditu: Ekhi Lete eta Izei Garcia kadeteak, Unax Zubizarreta eta Oinatz Agirregomezkorta juniorrak, eta Zuhaitz Arrillaga eta Aitor Andonegi, nagusi mailakoak.
Klub bien arteko lehia “oso gogorra” izatea aurreikusi dute: mutrikuarrek iazko porrotari buelta eman gura diote, herriartekoa poltsikoratzeko; berriatuarrek, aldiz, beren agintea berrestea dute helburu. Partidu guztiak Facebook bidez zuzenean eskainiko dituzte, Euskadiko Euskal Pelota Federazioaren (EEPF) kontu ofizialean.