Besarkada solidarioa teknikaren bidez lapurretak egiten ari dira
Ertzaintzak egoeraren aurreko kezka azaldu du eta zenbait ohar eta gomendio zabaldu ditu.
Azken egunetan hainbat lapurreta eta lapurreta saiakera egon dira besarkada solidarioa izaneko lapurreta metodoaren bitartez Ondarroan, Lekeition eta Markina-Xemeinen. Ertzaintzak jakinarazi duenez, zehazki, bi kasu egon ziren atzo [uztailak 12]; azken hilabetean 10 salaketa egon dira.
Teknika honekin lapurra biktimarengana hurbiltzen saiatzen da, besarkadak emanez eta eskuak hartuz, batez ere. Edozein aitzakia erabiltzen dute hurbiltzeko, familiako ezaguna dela esanez, herriko informazio bila dagoela edo aspaldiko lagun bat dela aipatuz, esate baterako. Behin lapurreta eginda gunetik arin alde egiten dute eta inguruan zain duten ibilgailuan ihes egiten dute.
Ertzaintzaren arabera urrezko bitxiak, belarritakoak, pultserak, erlojuak eta diru-zorroak lapurtzeko erabiltzen dute metodoa. “Adin nagusiko pertsonak bilatzen dituzte”. Hamar kasuetan lapurretan 11:00etatik 13:00etara bitartean eman dira eta aste egunetan.
Gomendioak. Besarkada solidario bidezko lapurretak ekiditeko Ertzaintzak hainbat gomendio zabaldu ditu. “Garrantzitsua da gure adinekoei arretaz ibiltzeko eskatzea eta ezagutzen ez dituzten pertsonekin adi ibiltzea, batez ere kontaktua bilatzen dutenean; modu maitekor batean hurbildu, kontaktua fisikoa bilatzen, besarkadak emanez edo eskuak eutsiz”.
Horrez gain, gomendatu dute kalean bitxiak agerian ez eramatea, “are gutxiago egunero edo balio handikoak badira”. Era berean, ezezagunekin “kontakturik fisikorik ez edukitzeko”.
Besarkada solidario metodoaren zantzuren bat antzeman gero 94-683 27 00 telefonoa dago eskuragarri. “Herritarren laguntza funtsezkoa da lapurrak harrapatzeko, oso garrantzitsua da edozein informazio eman ahal izatea”, azpimarratu dute.