Gazteak Loraldian loratzen
Bigarren urtez jarraian, Udako Ola sormen egonaldia eta Sormen Astea antolatu dute Loraldia elkarteko kideek, erdigunean euskal kulturaren transmisioa hartuta.
Astelehenean [uztailak 10] hasi zen Loraldiaren euskal kulturaren transmisiorako sormen egonaldia Lekeition, eta zapatuan [uztailak 15] amaituko da. Udako Ola izenagaz, bost egunez Euskal Herriko modalitate desberdinetako sortzaileen esperientzietan murgilduko dira gazteak, beraiekin batera ikasiz. Sortzaile izan nahi duten gazteei bideratutako sormen egonaldia da Udako Ola, gazteei plazan aritzeko aukera eskaini eta sormen hori publikoarengana hurbiltzeko. Horretarako, egonaldiak irauten duen egun bakoitzean arte modalitate ezberdin bat landuko dute gazteek.
Lehen egunean gorputza landu zuten, Kukai dantza taldeko Jon Maiagaz, dantza tradizionaletik garaikidera salto eginez. Bigarren egunean ardatza euskal musikaren gaur egungo egoera izan zen eta J Martina taldeko Kattalin eta Ane Barcenaren laguntzagaz soinua landu zuten. Eguaztenean, transmisioan jarri zuten jopuntua eta iparraldetik datorkigun tradizio sormenari buruz aritu ziren, Mixel Etxekopar eta Jean Kristian Galtxetaburugaz. Gaur, laugarren eguna izango dute gazteek, eta Oskar Alegria dute bidelagun zinema eta sormenari buruz ikasteko. Bihar azken eguna izango da eta Uxue Alberdi idazle eta bertsolariagaz hitzarekin jolasean arituko dira.
Loraldian loratzeko ordua iritsiko zaie gazteei zapatuan, Olatz Gorrotxategiren laguntzaz. Goizean emanaldi bat prestatu ostean, arratsaldean aurkeztu eta ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izango dute, 18:30ean, plazan.
Aurtengoan bederatzi gazte ari dira sormen egonaldian parte hartzen, iaz baino bi gutxiago. Hala ere, Loraldiko antolatzaileek adierazi dutenez egonaldi hauek talde txikietan lantzeko sortuta daude. Iaz izan zen lehenengo aldia egonaldia antolatu zutena, eta helburua 15 gazterentzako prestatzea izan bazen ere, talde txikiek erraztasun gehiago ematen dituztela konturatu ziren. Horri esker, sortzaileak aukera dauka hainbat dinamika egiteko gazteekin batera, eta gazteek ere beraien kezkak, zalantzak edo gehien interesatzen zaien alorra gehiago lantzeko aukera daukate.
Egitarau anitza. Udako Ola sormen egonaldiaz gain, Sormen Astea ere antolatu dute Lekeition. Bertan, sormen egonaldian gazteekin egon diren sortzaileak izango dira emanaldiak ematen: “Saiatzen gara programa txiki baina anitza egiten eta disziplina desberdinak sartzen. Oso polita izaten ari da”. Gaur Iholdi eta Ibabe Beristainen Gazteak, euskar eta beste piztia mitologiko batzuk bakarrizketa musikatua egongo da, 19:30ean, San Juan Talakon (euria egingo balu, Ikusgarri zineman) eta bihar Udako Olako gazteen emanaldia.
Antolatzaileek azpimarratu dute gazteak direla etorkizuneko sormena bideratuko dutenak eta baita kontsumitzaile izango direnak ere. Horrez gain, transmisioa modu zuzenean landu nahi izan dute, beraientzako bereziki sortutako proiektu honen bitartez. Bi alor horiek uztartu eta horrela loratu zen Loraldia. “Oso pozik, gustura eta gogotsu” dabiltzala gazteak nabarmendu du antolatzaileetako batek, eta beraientzako “sekulako” esperientzia dela.