Herri baten izaera horma irudi bilakatuz
Bi mural berri daude ikusgai; Mural bat, Djoels artista muralgileak egin du, eta bestea Sabotajealmontaje kanariarrak
Kamiñazpiko aire libreko museoa handituz doa, bi mural berri daude ikusgai; Djoels artista muralgileak egindakoa eta bestea Sabotajealmontaje kanariarrak egindakoa. Ondarroako Udalak 2022an martxan jarritako proiektua aurrera doa, eta bigarren urtez jarraian egoitza artistikoen bidez nazioarteko muralgileak herria ezagutu eta sormenari bide eman ostean, herriaren nortasuna artelan bilakatu dute.
Hamabost egun igaro dituzte herrian, herriaren izaera eta nortasuna barneratzeko asmoz. Horretarako, Lian muralgilearen eta udal ordezkarien lagunatzagaz herritarrak eta hizkuntza ezagutu dituzte, txokoak bisitatu, talde eta eragile ezberdinekin harremanak sortu eta gastronomiaren kuttuak probatu dituzte.
Haurtzarora bueltatuz. DJoels artista flandiarra da Kamiñazpiko 31. atarian dagoen horma irudiaren egilea (zehazki, Lianen muralaren aurreko horman dagoena). Lanean Gabriel Arrizabalaga maketagilea islatu du, lanean ari den bitartean. “Astileruko modelismo elkartean ezagutu zuten elkar”. Arrizabalaga eta bere maketak ikustean artistak iraganera bueltatzeko aukera izan zuen une batez, haurtzarora salto egin eta aitonaren etxera bueltatuz. Aitonak itsasontzi baten maketa bat zuen etxean, eta bera txikia izanik, oso txalupa handia iruditzen zitzaion. Urte batzuk igaro ondoren, aitonaren etxera bueltatu zen, eta txalupak leku berdinean jarraitzen zuela ikusi zuen, honen tamaina baina ez zen, ordea, gogoratzen zuen bezalako: txaluparen maketa txikia zen. Ez zen, ordea, txaluparen tamaina aldatu, berea baizik. Oroitzapen horren barrenak mugitu zizkion artistari, eta oroitzapen eder horiek islatu nahi izan ditu horman.
Bestalde, herrira sartu eta lehendabiziko gauza ikusten dena Sabotajealmontaje artistak egindako murala da, 35. atariko horman dagoena. Irudiaren koloreek arreta deitzen dute, begirada horma irudira desbideratzen da. Kolore gorri eta berdeak dira nagusi; gorriaren paleta erabili du artistak emakumeak irudikatzeko, bizitasuna irudikatuz. Irudi ezberdinak uztartuz, emakumea eta itsasoa izan ditu hizpide: herria, lana, arrantza mundua eta belaunaldien arteko lotura islatu ditu. Ondarroako emakumeek itsasoko lanetan eta herrian izan duten eta duten presentzia ukaezina. Hortaz, hiru lanetan itsasoa eta ogibidea dira protagonista.
Proiektua abian. 2022an Lian muralgileak ireki zuen bidean jarraipen sendoa emateko asmoa du Ondarroako Udalak, zehazki, beste bi mural egingo dira datorren urtean. “Datorren urtean ere antzeko sistemarekin funtzionatu nahi dugu. Baldintza bakarra ipiniko dugu: bi artistetako bat,gutxienez, emakumea izatea”.