Josu Zeberio:"Hizlariak eta ikusleak biak pozik egotea lorpen handienetako bat da"
2014. urtean hasi zuen elkarteak ibilbidea eta taldekideen lanari esker punta-puntako adituak herrira ekarri eta zientzia herritarren eskura jartzeko erronka izaten dute

Zapato Azuleko omenduak izan zarete. Zelan jaso duzue berria?
Josu Zeberio: Horrelako berriak ondo hartzen dira beti. Gainera, indarrak ematen ditu aurrera jarraitzeko. Eskertu egiten da.
Joseba Goikoetxea: Pozik hartu nuen, zientzia talde bat izanik gugaz gogoratzea eta kontuan hartu gaituztela ikustea polita izan zen.
Herri mailan zientziarenganako interesa badagoela sumatzen duzue?
J.Z.: Ikusleak asko eboluzionatu duela esan genezake. Beikozinan hasi ginenean, gonbidatu bat zegoen, saioa gidatzen zuen aurkezle bat, eta galderak egiteko denbora tartea, hau da, formatu bat zehaztu genuen, eta jendeak ikasi egin zuen formatura moldatzen. Gutxinaka, hori kontsolidatu egin da. Ez dakit zientziarenganako interes handiagoa den, baina formatu batera ohitu den ikuslego bat dugu. Gainera, gutxinaka galderak egiten doaz, ausartzen, pizten.
Beikozinatik Kofradia Zaharrera egindako aldaketak zer edo zelako eragina eduki zuen?
J.Z.: Formatu aldaketa bat suposatu zuen, eta hasiera batean beldur pixkategaz ere hartu genuen. Taberna bat izateak gauzak erraztu egiten zituen, batez ere, jendea hurbiltzeko orduan. Hala ere, orain beste ikusle mota bat etortzen da, eboluzio bat eman dela esan genezake.
J.G.: Beikozini hurbilekoagoa zen, orain Kofradia Zaharrean dugun formatua klasikoagoa da.
Zer hartzen duzue kontuan ikasturtea antolatzerakoan?
J.Z.: Genero berdintasuna da kontuan izaten dugun ezaugarrietako bat, eta bestea, hizkuntza, euskara lehentasuna izaten da. Hala ere, zientziaren munduan gizonezko erdaldunak dira gehienak, hortik ateratzen saiatzen gara. Emakumeen kasuan zientzialari euskaldunak gutxiago daude, hortaz, oso zaila izaten da beraiekin hitzorduak zehaztea, agenda estua izaten dute, baina guk saiakera egiten dugu.
J.G.: Aktualitatea ere kontuan izaten dugun zerbait izaten da, Palman gertatutakoaren ondoren, adibidez, gaiagaz lotutako aditua ekartzea… Balantza bilatzen saiatzen gara gaiei dagokienez ere bai.
Gaiaren arabera ezberdintasunak sumatzen dituzue ikusleen harreran?
J.G.: Erabat. Medikuntzak jende asko erakartzen du, hurbiletik sumatzen dugun zerbait da, eta hori sumatu egiten da: bihotzeko arazoak, parkinsona, alzheimerra… Eta, adibidez, fisikaren arloan neutrinoak eta horrelako gaiak lantzean, jende gutxiago hurbiltzen da, ikuslego aditua joaten da gehiago.
J.Z.: Medikuntzagaz gertatzen dena izugarria da, baina ulergarria da. Pauso batera ez bada, bitara dauden egoerak planteatzen baitira; hurbiltasun bat sortzen da. Fisikaren inguruko hitzaldiak erakargarriak egin behar ditugu jendea hurbiltzeko.
Hitzaldiez gain, beste ekimen batzuk ere antolatzen dituzue, beste formatu batzuk. Ikuslego ezberdinarengana ailegatzen zarete?
J.Z.: Pint of Science ekimenean adibidez jendea hurbiltzen da, taberna testuingurua izatean, errazagoa da dena.
J.G.: Adin tarte baxuagoko jendea hurbiltzen da ekimen horietara, baina hala ere ez da erraza izaten jende gaztea erakartzea. Zerbait egiten gaudela ikusi arren, hurbiltzeko keinua egin baino, ezjakintasunaren aurrean, jendeak alde egiten du.
Gazteak erakartzea da taldearen helburuetako bat?
J.Z.: Helburu bat baino gehiago, desio bat dela esango nuke. Gazteak erakartzea ez da erraza. Hala ere, nire ustez, errutina kontua ere bada.
J.G.: Saiakerak egin ditugu jende gaztea erakartzeko, adibidez, kirol kontuei lotutako hitzaldiak antolatu izan ditugu; baina ez dugu erantzunik lortu.
Nola ailegatzen zarete izen handiko hizlari adituengana?
J.Z.: Bide ofizialak albo batera utzita. Kontaktuak eginez.
J.G.:Ondarroa bezalako herri txiki batean jende esanguratsua eduki dugu; Pilar Hernandez, Jeronimo Lopez, Pedro Miguel Etxenike….
Zelan finantzatzen duzue proiektua?
J.Z.: Hizlari guztiak musu-truk etortzen dira. Lehen urteetan Etxenike eta izen handiko adituak etorri ziren, eta horiek jada ezer kobratu gabe etorri ziren; hortaz, aurrekari bat zehaztu zuten. Hori da kanpoko jendea ekartzeko mugetako bat.
J.G.: Kanpoko jendea etortzen denean Euskal Herrira, bidaiak aprobetxatu izan dituzte, adibidez, oporretara datozenean edo zerbaitengatik inguruan daudenean, geuregana etortzeko aprobetxatzen dute.
J.Z.: Horrez gain, entitate pribatu batzuek ematen digute dirua, udalak ez du finantziaziorik ematen; baina kopuru txikiez ari gara.
2014an abiatutako elkarteak zutik jarraitzen du boluntarioek egindako lanari esker.
J.G.: Hizlariak boluntario etortzen dira, eta atzean lanean gaudenok ere boluntarioak gara.
J.Z.: Aurrekontua muga bat da, baina, nire ustez, hitzaldi zientifikoak musu-truk izan beharko lirateke kasu guztietan. Ez da onargarria publikoari ezagutzagatik kobratzea. Gure aldetik derrigortasun morala daukagu ezagutza helarazteko ordaindu beharra eduki barik.
Zelako sentsazioagaz joaten dira hizlariak?
J.G.: Harritu egiten dira horrelako herri txiki batean hainbeste jende ikustean.
J.Z.: Hizlariak eta ikusleak biak pozik egotea lorpen handienetako bat da. Adibide bat ematearren, Etxenike etorri zen Pilar Hernandezen hitzaldia aurkeztera, eta beste gizon bat etorri zen beraiekin. Gizon hark ez zuen ulertzen zergatik aukeratu zuten Ondarroa hitzaldia emateko eta ez Donostia. Hitzaldian nire ondoan zegoen, eta jendea ikustean «orain ulertzen dut» esan zidan.
Ibilbideari erreparatuz gero, zein da balorazioa.
J.Z.: Oso positiboa da. Jendeak erantzutea da garrantzitsuena, eta datuak hor daude. Beikozinan geunden garaian 80, 90,100 pertsona biltzera ailegatu ginen.
J.G.: Orain datu horiek baino beherago gabiltza, COVID-19ak eragina izan zuen, baina jendeak erantzuten jarraitzen du. Goranzko joera dugu, eta irailean ikusiko dugu.