Kolorez beterik hasi dira Karmen jaiak
Emozioak puri-purian, talde lana, indarra, baloreak, alaitasuna, arima herrikoia, errespetua, pasioa eta grina izan Artibai FTren pregoiaren muina.
Herriko jaiak hasteak beti dakar poza, beti dakar alaitasuna. Halaxe jaitsi da Alarabi ere gaur (uztailak 14), Xemeindik Goikoportaleraino, musikaz eta kolorez inguratuta. Dultzaineroak izan dira musikaren arduradun eta kuadrillak, aldiz, kaleak kolorez bete dituztenak. Giro alaian ibili dira herritarrak kaleetan zehar, Alarabigaz kalejiran. Haurrei aparteko harridura sortzen dieten erraldoi eta buruhandiak ere Alarabiren inguruan elkartu dira, jaiei hasiera emateko asmoz.
Kalejiraren ostean, Goikoportalean elkartu dira Alarabi, lagun, familia, buruhandi, erraldoi eta musikariak, nola ez. Guztiak udaletxeko balkoira begira, Artibai Futbol Taldekoek pregoia noiz botako zain. “Aspaldi hasitako ibilbide honek, urtez urte aurrera darrai”, hala hasi dute pregoia. Izan ere, 40 urte dira Artibai Futbol Taldea sortu zela, eta 20 laguneko kuadrilla izatetik, 350 baino gehiago izatera pasa dira. Emozioak puri-purian dituztela, talde lana, indarra, baloreak, alaitasuna, arima herrikoia, errespetua eta gaur hain presente eduki duten indarra, pasioa eta grina izan dira pregoiaren muina. “Gogotsu eta itxaropen handiz kolpatuko diogu etorkizun oparoari”. Horrela amaitu dute pregoia Artibai Futbol Taldekoek, eta horrela egin du eztanda Markina-Xemeinek. Koloreztatuta zegoen Goikoportala, are kolore gehiagoz bete da balkoitik milaka konfeti eta puxika bota dituztenean.
Pregoiaren ondoren, hasi berri den jaiagaz jarraitu dute herritarrek, kuadrillen arteko bizikleta kalejiragaz. 21:30ean hitzordu garrantzitsua dute haur, gazte nahiz helduek, Xemeindik hasi eta Goikoportalean amaituko den danborradagaz. Egun borobil honegaz amaitzeko, Mafalda, Añube eta Hilbera taldeen kontzertuak egongo dira Zelaian.