Berriatua, jaun eta jabe herriartekoan
Kadete, gazte eta nagusi mailan zein baino zein gehiago aritu ostean, berriatuarrak nagusitu ziren hiru lehiatan.

Berriatua nagusitu da Euskal Herriko Herriarteko zesta-punta Txapelketako finalean. Barikuan, Zumaiako Aitzuri pilotalekuan izan zuten hitzordua iazko finaleko protagonista berdinek; Berriatuak eta Mutrikuk. Kluben arteko lehia gogorra aurreikusi zuten, eta berriatuarren helburua agintea berrestea zen; lortu dute.
Kadete, gazte eta nagusi mailan zein baino zein gehiago aritu ostean, hiru kategoriatan berriatuarrak nagusitu ziren. Kadete mailan Denis Alberdik eta Aratz Goikoetxeak berriatuarrek, Mutrikuko Ekhi Lete eta Izei Garcia izan zituzten aurrez aurre. Mutrikuarrak aurrea hartuta abiatu zuten partida (3-4), baina lehia estuaren ostean, berriatuko bikoteak 8-5ean ezarri zuen markagailua. Hasiera indartsu abiatu zen eta talde biek ondo eutsi zieten, baina Alberdik eta Goikoetxeak konfiantza hartu eta geldiezin egon ziren, 30-13 bukatu zen partida.
Gazte mailan Xabier Arrasatek eta Ortzi Aldazabalek jokatu zuten Berriatuko taldetik, Unax Zubizarreta eta Oinatz Agirregomezkortak, berriz, Mutrikutik. Berriatuarrek argi utzi zuten lehenengo unetik dena emateko prest zeudela eta partida dominatzen hasi ziren: 12-5. Mutrikuarrek mailari eutsi nahian, ahaleginak egin zituzten, baina jada geldiezinak ziren (16-8). Behin martxa hartuta, ez zegoen buelta ematerik, 30-9 amaitu zen lehia.
Nagusi mailan, ostera, Antxon Alberdik eta Roberto Lekuek jokatu zuten Berriatuko taldetik, eta Zuhaitz Arrillaga eta Aitor Andonegik, berriz, Mutrikutik. Hasiera estua izan zen, ikusteko modukoa: 2-2. Alberdik eta Lekuek maila erakutsi zuten, eta nagusitasunez bereganatu zuten partida: 17-5. Lehiarako aukera gutxi utzita, 30-10 amaitu zen lehia.