Itsaso osasuntsu baten alde
Zero zabor uretan kanpainagaz Euskal Herriko kostaldetik zeharkaldia egiten dabil Mater Ontzi Museo Ekoaktiboa, itsaso osasuntsu baten alde. Itsasoko zaborren arazoaz kontzientziatzea eta herritarrak horien prebentzioan inplikatzea dute asmo.
Egurrez eraikitako azken euskal atunontzi handiak Bilbon hasi zuen uztailaren 4an zeharkaldia, eta Portugaleten eta Bermeon geldialdia egin ostean Ondarroara ailegatu zen eguenean eta atzo [uztailak 16] joan zen. Egitarau zabala eskaini du, eta tartean, itsas hondakin eta mikroplastikoen arrantza egin zuten. Eguraldia ez zuten lagun izan, hala ere, gogotsu heldu zioten ekiteari eta osatu zuten egitea. Datuak eskuan izanik, lurreko bilketan 6,5 kilo zabor bildu zituzten: 137 plastiko zati, 292 zigarrokin eta 56 elikagai bilgarri. Itsas hondakinei dagokionez, 2,5 kilogramo poliespan, plastiko poltsa bat eta buia bat jaso zuten.
Mutriku. Ondarroako portutik abiatu zen atzo, eta uztailaren 22an ailegatuko da Mutrikuko portura.