Karmen jaietako azken egunean, umeak nagusi
Urtero legez, gaur erreko dute Alarabi, baina horren aurretik hainbat ekintzaz gozatu dute
Atzoko [uztailak 16] Karmen egun handiaren ostean, esna zeuden markina-xemeindarrek goiz hasi dute gaurko [uztailak 17] eguna txistularien kalejiragaz. Umeen Eguna zeukaten ospatzeko. 11:30ean Olgetaneko kideak Alarabigaz heldu dira Goikoportalera, trikitilari eta pandero jotzaileak elkartu eta kalejira egiteko. Hauspoa prest eta atzamarrak arin, Markina-Xemeingo musika eskolako trikiti taldeak eta Tarine Udal Musika Eskolako trikiti taldeak giro ezin hobea jarri dute.
Alarabi eta musikariak Zelaira iritsi eta geldialdia egin dute, ume eta gaztetxoentzako puzgarrietan eta egurrezko jolasekin olgetan zebiltzanei trikiti doinuekin alaitzeko asmoz. Puzgarrietan izerditu eta egurrezko jolasetan burua nekatuz pasa dute goiza bertaratu direnek. Gainera, inork ez du izan aspertzeko astirik, buruhandiak ere inguruan ibili baitira ume eta gazte guztien atzetik korrika.
Egunagaz eta aurtengo Karmen jaiekin amaitzeko, arratsaldean ere hainbat ekintza egingo dituzte. 16:00etatik 19:00etara goizean bezala, ume eta gaztetxoen parkea egon da Zelaian eta Arkupe aurrean. Aldi berean, 16:00etan, mus eta briska txapelketa egin dute frontoi txikian. Parkea amaitzean, umeek magian sinistu ahal izango dute 19:00etan Eleder magoak Arkupean egingo duen ikuskizunagaz.