Lehia nagusitu da asteburuan
Eusko Label Ligaren asteburuko estropadetan zazpigarren eta seigarren sailkatu da Lekittarra eta hamaikagarren eta bederatzigarren Ondarroa.
Ikuskizunagaz gozatzeko aukera ematen jarraitzen du arraunak, asteburuan ere ez da ikuskizunik falta izan. Euskal Herrian bi hitzordu izan dituzte asteburuan Eusko Label eta Eustroren ligak. Lea-Artibaiko taldeei dagokienez, Lekittarra zazpigarren izan zen zapatuan (uztailak 15), eta atzo seigarren amaituta, sailkapen orokorreko zortzigarren postuari heltzen dio. Ondarroa sailkapen orokorreko hamargarren postuan dago; bederatzigarren postuan sailkatu zen atzo, eta hamaikagarren amaitu zuen zapatuan.
Bigarren txandako garaile izan zen Lekittarra sailkatu zen seigarren postuan. Lehia estua izan zuen bosgarren postua bereganatzeko orduan, eta estropada ona eginda, 46 ehunenekoren aldeagatik ez zion bosgarren postuari eutsi. Bederatzigarren postua eskuratu zuen Ondarroak 21 minutu eta 27 segundoko denboragaz.
Bermeotarrentzat, pasaden astean etorri zen Eusko Label ligako lehenengo bandera, eta domekan Orioko Bandera nagusia bereganatuta, denboraldiko bigarren garaipena poltsikoratu eta martxa hartu du taldeak. Ligako sailkapen nagusian bigarren kokatu da, Hondarribia liderrarekiko bi puntura.
Ohorezko txandako buru jarri zen hasieratik domekan Urdaibai eta gutxinaka abantaila hartuz joan eta nagusitasun osoz bereganatu zuen Orioko bandera, 20 minutu eta 34 segundoko marka ezarrita. Lehia biziagoa egon zen, ordea, bigarren postua eskuratzeko; estropada guztian Hondarribia eta Donostiarra oso parekatuta joan ziren arren, segundo bakar batek finkatu zuen sailkapena eta Hondarribiak (20:46) aurrea hartu zuen, bigarren postua bereganatuz. Donostiarrak 20 minutu 47 segundoko denboragaz hirugarren amaitu zuen. Zierbena izan zen laugarrena (20:57).
Euskotren Ligako Orio Kanpina Banderan etxekoak nagusitu ziren, eta Urdaibaik bezala, denboraldiko bigarren bandera bereganatuz. Donostiarra lehiatzeko aukerarik gabe geratu zen irteerarako prest ez egoteagatik; pisuaren bila joan behar izan ziren eta ez ziren sasoiz iritsi.
Hasieratik Orio jarri zen buruan, eta ziabogara ere Arraun Lagunaki aurrea hartuta ailegatu zen. Bigarren luzean abantaila handitu zuen, eta 11 minutu eta 25 segundoko markagaz lortu zuen etxean garaipena. Arraun Lagunak izan zen bigarrena, Oriorengandik 8 segundora. Lehia estua egon zen bigarren eta hirugarren postuan, Tolosaldea segundo bakarrera helmugaratu baizen.
Bestalde, gizonetan eta emakumeetan erlojupeko modalitatean lehiatu zuten V. Bilboko Bandera zapatuan. Hondarribia nagusitu zen gizonezkoetan, eta Eusko Label Ligako sailkapen nagusiko lider jartzea lortu zuten; 19 minutu eta 26 segundogaz. Bigarren Zierbena izan zen, eta hirugarrena, berriz, Urdaibai 19 minutu eta 38 segundogaz. Lekittarra zazpigarrena izan zen (19:55). Ondarroa hamaikagarren postuan sailkatu zen.
Euskotren ligako liderra nagusitu zen Bilboko uretan, Arraun Lagunak izan zen azkarrena (10:24). Iaz ere jaun eta jabe izan ziren, eta aurten ere onenak izan dira. Garaileek handitu egin zuten sailkapen nagusian aurkariekiko zuten abantaila. Donostiarra izan zen bigarrena ia hiru segundora, eta Orio hirugarrena 5 segundora.
Sailkapen orokorra. Asteburuko bi estropadetako puntuen banaketa egin ostean, Eusko Label Ligako buru da Hondarribia, eta bi puntura dago Urdaibai. Hirugarren, Zierbena, puntu bateko aldeagaz. Donostiarra da laugarrena. Taularen erdialdean daude Getaria, Orio eta Cabo. Lekittarra zortzigarrena da 39 puntugaz. Kaiku da bederatzigarrena eta beheko postuetan kokatzen dira Ondarroa, Santurtzi eta Samertolameu. Euskotren Ligan, berriz, Arraun Lagunakek jarraitzen du buruan, 36 puntugaz, eta hiru puntura dago Orio.