Xabi Barandikak eta Thibault Basquek irabazi dute Markina-Xemeingo Grand Slama
Barandika-Basque eta Erkiaga-Ibarluzea bikoteen arteko finala hirugarren setean erabaki da. Iñaki Osa Goikoetxea zumaiarrak omenaldi beroa jaso du.
“Faborito isilek” konstantziaren garaipena lortu dute aurtengo Markina-Xemeingo Grand Slamean. Barandika-Basque eta Erkiaga-Ibarluzea bikoteen arteko finala izan zen atzo arratsaldekoa (uztailak 16), eta Xabi Barandika gernikarrak eta Thibault Basque bidartarrak hirugarren setean nagusi izanda jantzi zituzten txapelak.
Hasiera-hasieratik izan dira txapelketa honetako faborito isilak. Aurkezpen egunetik faborito ziren pilotazale askorentzat, baina etiketa hori ez eramatearen zortea izan dute. Izan ere, gainontzeko bost bikoteetan herriko pilotariren bat egon da, eta beraz, etxean jokatzearen ohoreaz gain, presioa ere eduki dute. Barandikak eta Basquek, ostera, presio gutxirekin, aurrera egin dute partiduz partidu. Biek ala biek ia atseden hartzeko astirik barik jokatu zuen finala, bezperan, Gernikako Grand Slamaren lehen jardunaldian aritu baitziren; Barandika Zabalagaz bikotea osatuta ari da txapelketan, eta 15 eta 7 eta 15 eta 9 irabazi zieten Urko Lekerikari eta Basqueri.
Partidua ondo diseinatuta izan zuten irabazleek. Erkiaga jokotik kentzea zen helburua; ispastertarra gainetik pasa, eta, ahal dela, ez zezala asko erreboteatu. Ondo hasi ziren gorriak, atzera kargatuz, eta deskantsura 8 eta 4 heldu ziren, Erkiagak aukera handirik izan barik. Errebotean eta oso behartuta egin zuen tantu nabarmenena, lurrera indarrez botata. Baina partidua ez zen apurtu. Ibarluzeak eutsi egin zion, eta Erkiaga sahietsetik hasi zen errematatzen, eta zortzina eta bederatzina berdindu zuten. Barandikak hautsi zuen berdinketa, sake arrastoan errematatuz (10-9), eta,ostean, ia zuzenean heldu ziren hamabosgarrenera (15-11).
Bigarren jokoan gauzak asko aldatu ziren. Materiala berotuta, Erkiagak aukera gehiago eduki zituen, eta, bat-batean 4 eta 7 aurreratu ziren urdinak. Basquek ere huts nahikotxo egin zituen bote-korridora. Eskuinez ipini zen postura horretan, nahiz eta errebesa ondo dominatu. Gorriak apur bat hurreratu ziren, baina 6 eta 7ko markagailuagaz frontoia zutik jarri zuen Ispasterko aurrelariak. Zortzigarren koadrotik, eskumaz, goxo goxo utzi zuen txapa gainean. Eta Erkiagaren beraren hormabiko eder batzuekin 9 eta 15 amaitu zuten bigarren seta.
Bost tantoko azken txanpa huts banarekin hasi zen. Ondoren, tanto ederra egin zuen Barandikak errebotez (2 eta 1), eta Ispasterko maisuak ere errebotez erantzun zion, baina errebesez. Binako berdinketaren ostean, gorriek finala borobildu zuten. 3 eta 2koa ere Barandikak sinatu zuen, sake errestoan, laugarrena, berriz Basquek lortu zuen. Erkiagak kanpora botatako erremateagaz erabaki zen txapelketa.
Goikoetxearen agurra. Finala borobiltzeko, Iñaki Osa Goikoetxea zumaiar aurrelaria omendu zuten. Txapelketan ez da finalera heldu, eta, beraz, publikoan ikusi zuen finala. Markina-Xemeingo herriaren izenean, Juan Mari Bengoak eta Mari Eli Ituarte udal zinegotziak eman zioten herri esker ona adierazteko artelana.
Txapelketa amaituta, balorazio oso ona egin dute antolatzaileek. Iaz antolatu zuten lehenengoz Grand Slama, eta, aurten, 3.500 zale inguru elkartu dira Unibertsitatean: “Gauza haundia da 5.000 biztanleko herriak 1.000 lagun sartzen diren pilotalekua izatea. Iruñeko Labritek duen edukiera da baina askoz tamaina txikiagoko herrian. Bada zerbait! Gorunzko bideak jarrai dezala!”
Esaterako, finalean erabat bete zen frontoia, eta jende asko geratu zen sarrerarik gabe, astelehenean salgai jarri, eta bost bat minutuan agortu baitziren. Horregatik, finala Euskal Telebistatik zuzenean ikusteko “herrriko pilotaleku txikian” pantaila erraldoia jartzea erabaki zuten, ehun bat jesarlekugaz.