Lore emankorrak, aurtengo Loraldian
9 gaztek parte hartu dute Udako Ola sormen egonaldietan eta 600 lagunetik gora hurbildu dira Sormen Asteko emanaldietara.
Pasaden zapatuan egin zuten Loraldiko Udako Olako gazteek azken emanaldia, aste guztian hainbat sortzailerekin ikasten aritu ostean. Antolatzaileek adierazi dute balorazio “oso ona” egiten dutela. Gazteak, sortzaileak eta publikoa “oso pozik” ikusi dituzte, eta ondorioz, beraiek ere “oso gustura” daude emaitzarekin.
Aurtengo Udako Olan 9 gaztek parte hartu dute. Astebetez egunero euskal sortzaile batekin eguna pasatzeko aukera eduki dute, beraiekin ikasi eta esperientziak partekatuz. Loraldiko antolatzaileek nabarmendu dute horrelako ekimenen bitartez gazteek “euskal kulturarekin eta euskal sormenarekin harreman estua” izateko aukera eduki dutela, sortzaile erreferenteak direnak bidelagun izanda. Lekeition elkartu diren gazteak perfil desberdinetakoak izan dira, eta bertan elkartzeak bata bestearengandik ikasteko aukera eskaini diete, elkarren artean lagunduz: “oso esperientzia polita izan da beraientzako”.
Bestalde, sormen egonaldietan egon diren gazte batzuek beraien bizitza profesionala arlo artistikora bideratu nahi ez badute ere, “oso esperientzia integrala” izan dela esan dute: bai pertsonak eta kultur mundua ezagutzeko eta baita sortzaileak nola bizi diren ezagutzeko eta egunerokotasunerako erraminta batzuk eskuratzeko ere, besteak beste.
Herritarrek ere “oso ondo” erantzun dute Sormen Astea bezala izendatu duten aste kulturaleko ekintzen aurrean. Ekitaldietara 600 lagunetik gora gerturatu dira, ekintza batzuetan gehiago, beste batzuetan gutxiago, tokiak ere hala eskatuta. Esaterako, antolatzaileek azpimarratu dute Ikusgarri Zineman Ruper Ordorikak eskaini zuen kontzertua. Loraldirako bereziki prestatutako kontzertua izan zen, eta ia-ia areto guztia bete zuen. Bestalde, Iholdi eta Ibabe Beristain ahizpen emanaldia ere nabarmendu nahi izan dute, publikoarentzako “deskubrimendua” izan zelako.
Ekarpena herriari. Antolatzaileek zehaztu dute Lekeition horrelako ekimen bat izatea “berezia” izan dela. Euskal kultur eta sormenak eskaintzen dituen proposamenik berritzaileenetako batzuk batu eta herrian aurkeztu nahi izan dituzte: “herritik atera gabe, paraje ederretan eta, gainera, formatu desberdinetan. Esperientzia berezia izan da”.
Datorren urteari begira, oraindik ere ezin dute ziurtatu non egingo den, baina, nabarmendu dute beraien erronka eta lan lerro nagusienetako bat gazteak direla, eta uste dutela merezi duela “esfortzu handi hau” egitea gazteei aukerak eskaintzeko. Azpimarratu nahi izan dute Lekeitioko Zinemazaleak elkarteak, Atabaka Kultur Elkarteak eta Lekeitioko Udalak laguntza eskaini dietela eta ahal izan duten neurrian kolaboratu dutela, eta ondorioz, “esperientzia polita” izan dela.