Gazteak eta nagusiak, elkarri lagunduz
Lekeition Uribarren Abaroa erresidentzian Auzolandegiak boluntariotza programarekin hasi dira.
Toki guztietako gazteak elkartu dira Lekeition, Auzolandegietako lehenengo txandan parte hartuko dutenak. Atzo [uztailak 18] hasi eta bi astez arituko dira gazteak Lekeitioko Uribarren Abaroa egoitzako adineko pertsonekin esperientziak eta bizipenak partekatzen. Bigarren txanda, aldiz, abuztuko lehenengo bi asteetan egingo da. Guztira 18 gaztek eman dute izena lehenengo txandan, eta antolatzaileek antzekoa espero dute bigarren txandan ere.
10:00etatik 13:00etara aritzen dira gazte zein nagusiak elkarlanean. Gazteak egoitzara joan eta bertakoekin hainbat ekintza egiten dituzte, besteak beste: lorategitik ibili, eskulanak egin, musika jo eta abestu. Antolatzaileek aipatu dute ekintzak taldearen araberakoak direla, talde batzuk dinamikoagoak direlako, baina guztiek ematen diotela bizipoza erresidentziari, “errutinatik irteten den guztia da onuragarria, eta hemen bizi direnei asko gustatzen zaie”.
Euskal Herriko hiru gaztez gain, Madrid, Palencia, Salamanca, Burgos, Huesca eta Badajozeko gazteek parte hartu dute lehenengo txandan, besteak beste. Batzuentzat horrelako boluntariotza batean parte hartzen ari diren lehenengo aldia den arren, beste batzuek aurretik parte hartu izan dute horrelako ekimenetan: “Ni Aiarakoa naiz eta 2017tik ari naiz horrelako ekintzetan parte hartzen”.
Motibazioa, aldiz, bakoitzak berea dakar. Batzuek kultura desberdinak ezagutu eta adinekoei eguna goxatzeko asmoz parte hartu dute, eta beste batzuek pertsonekin lan egin eta laguntzea asko gustatzen zaielako: “Iazko udan erresidentzia batean lanean aritu nintzen auxiliar bezala, eta asko gustatzen zait pertsonekin lan egin eta beraiei laguntzea, oso sentsazio ona uzten dit”. Atzo [uztailak 18] izan zen lehenengo eguna eta “oso talde ona” osatu dutela aipatu dute gazteek, “oso ondo konektatu dugu”.
Antolatzaileek azpimarratu dute belaunaldi truke “ezin hobea” dela. Alde batetik, ekimenean parte hartzen duten gazteentzat, izan ere, “gehienek ez dute aukerarik izan pertsona helduekin egoteko eta esperientziak partekatzeko”. Horrez gain, pertsona moduan eraikitzeko beste esperientzia bat gehiago dela adierazi dute antolatzaileek.
Bestalde, bertakoentzat ere “oso aberasgarria” dela nabarmendu dute: “Etortzen diren gazteekin oso giro berezia sortzen da, oso harreman estuak sortzen dituzte”. Egonaldia bukatu ostean ere “oso presente” geratzen dira gazteak nagusien egunerokotasunean, eta “askotan elkarrizketagai izaten jarraitzen dute, argazkiak ditugulako beraiekin, oroitzapenak, batera egindako eskulanak…”.
Aurreiritziak baztertuz. Bereziki nabarmendu dute antolatzaileek horrelako ekimenek adinekoen egoitzei buruz gizartean dauden aurreiritziak alde batera uzten laguntzen dutela. Zehaztu nahi izan dute egoitza bat ez dela toki “ilun” eta “triste” bat: “Bertan bizi direnek oraindik ere bizitzeko gogoa eta ametsak dituzte. Erresidentzian egoteagatik ez zaie bizitza amaitzen”.