Aldarrikapenez betetako Elkartasun Eguna
Euskal preso, iheslari eta deportatuak askatzeko aldarrikapena egin dute Lekeition. Uztailaren 25ean arratsalde osoko egitaraua edukiko dute.
Elkartasun Eguna ospatuko dute Lekeition uztailaren 25ean, “Pototo eta Liher etxera” leloagaz. Horrez gain, gainontzeko euskal preso, iheslari eta deportatu guztiak askatzeko aldarrikapena ere egin dute, izan ere, gaur egun dauden 155 presotatik, 144 Euskal Herriko espetxeetan daude, eta hamaika estatu frantsesean.
Herri bazkariagaz hasiko dute eguna, 15:00etan. Tiketak Galarrenan daude salgai hemezortzi euroren truke (hamar euro langabetu eta umeentzat). Trukean, bazkariaz gain, kamiseta bat ere emango dute. Ostean, Pototok espetxean margotutako hiru koadro zozketatuko dituzte. Kantaldiaren eta argazki herrikoiaren ondoren, egunagaz amaitzeko, 19:00etan kalejira eta ekitaldia egingo dituzte.
Antolatzaileek adierazi dute herriaren ahaleginak lortu duela urruntze politikak zekarren eskubide urratzeagaz amaitzea, “34 urte baino gehiagotan espetxeetan ez ezik, senideen artean ere hainbeste sufrimendu eragin duen politika horregaz”. Etapa berri bat hasi dela azpimarratzen dute, “preso, erbesteratu eta deportatuak etxera itzultzeko bidea irekitzekoa”.
Konpromiso “irmoa” esaktzen dute eragile politiko, sindikal eta sozialen aldetik, “gaur egun ere presoek pairatzen duten salbuespen egoera behingoz buka dadin”. Zehaztu dute ez dutela pribilegiorik eskatzen preso horientzat, legezkotasuna eskatzen dutela. “Konparaziozko bidegabekeria” jasaten dutela gaineratu dute, legearen aurrean berdinak izateko printzipioa deuseztatzen duena: “Estatu erabakiak tarteko edo inpunitatearen babesarekin hil, zauritu, torturatu edo beren boterea gehiegikeriaz erabili zuten gehienak ez dira epaituak izan, eta oro har, horietatik epaitu izan dituztenak berehala lortu dute kartzelatik ateratzea”. Euskal presoen kasuan “guztiz kontrakoa” gertatzen dela nabarmentzen dute, eta jazarpena eta eskubideen urraketa “etengabekoak” direla. Elkartasun Eguna aldarrikapen hau herrian zabaltzeko antolatu dutela nabarmendu dute.