Gazte Egunarekin hasiko dituzte bihar Mutrikuko Malen Jaiak
Bost eguneko egitaraua dute aurretik mutrikuarrek. Bihar [uztailak 21] Gazte Eguna osptuko dute: 285 lagun batuko dira bazkarian.
Goi-goitik hasiko dira mutrikuarren Malen Jaiak. Gazte Egunarekin eztanda egingo dute bihar [uztailak 21] eta Bizixo Jai Batzordearen helburua jai gazte, herrikoi eta parte hartzaileak izatea da. Gaztetasunak eitxen gaitxu bizixo leloarekin hartuko dituzte kaleak, hain zuzen ere, Gazte Eguneko bazkaria eta kamisetak hartzeko adin tartea zabaltzeko asmoz. “Aurten adin tarte hori zabaldu edota pixkat apurtzea izan da gure helburua, eta hortik aurtengo irudiaren arrazoia. Datozen gazteak apuntatzea animatzeko eta Gazte Eguna alde batera laga nahi zeuenak gurekin jarraitzeko”. Lortu dute helburua, inoiz baino kamiseta gehiago eskatu baitira: 500.
Ohiko formulagaz bueltatu dira aurten ere, musika, jolasak, bazkaria eta jai giroa. 13:00etan emango diote hasiera jaiari, bizixoren jaitsierarekin. Baina berritasunak ere ekarri dituzte: herri kirolak. “Aurtengoan, herri kirolak jarri ditugu, gazteen artean adin desberdinetako pertsonak giro polit batean tarte eder bat gozatzeko”. Bazkarian, 285 pertsona batuko dira, eta arratsaldean jende gehiago batuko da jai girora.
[Bizixo Jai Batzordearen egitaraua]
Itsasoari lotutako lanetan ibilitako emakumeak izango dira aurtengo omenduak: “Askotan Mutriku herri arrantzalea izan arren ahaztu egiten gara hainbeste urtez portuan eta horren atzean lanean aritu diren emakumeekin. Emakume horiek gazte-gaztetatik egindako lana ezin da ahaztu, eta hori dala eta, eurak egindako bidea nahiko genduke txalotu eta eskertu”. Gauean, musika ez da faltako: Yare Sound Sistem izango da gaua girotzeko ardura izango duena.
Protokoloa. Urtero bezala Jai batzordea lanean ibili da txosna gunea leku seguru bat izateko: “Zoritxarrez, jai giroa erasoz betetako gunea da eta horren aurrean, protokolo lan taldea hilabete luzez eon da lanean protokoloak eta babes mekanismo desberdinak sortzen, eraso matxisten aurrean erantzun eraginkorra emateko. Horrez gain, aurreko urteko protokoloa berrikusi eta eguneratzen ibili gara, uste dugulako beti berritzen joan behar dela, eraginkortasuna bermatzeko”.
Baliabide mugatuak dituztela adierazi duten arren, “konpromiso handiz eta seriotasun osoz”heldu diote gaiari, eta eskura dituzten baliabideei ahalik eta etekin handiena aterako diotela ziurtatu dute.