20 urte beteta, erraldoiak kalejira abiatzeko prest daude
Euskal mitologia ardatz hartu zuen Xiri Andonegi artistak erraldoiak egiteko: herriak onarpen osoz jaso zituen eta baita bere egin ere. Bi hamarkada geroago, herriaren ikur bilakatu dira.
Erraldoi eta buruhandien konpartsa Mutrikuko herriaren nortasunaren ikur bilakatu da: erraldoiak non, herritarrak han. Ez dago hutsik egiterik, ez baitira ohiko erraldoiak. Euskal mitologiarekin lotutako pertsonaiak dira, hori izan baitzen Xiri Andonegi artistaren proposamena, Mutrikuko Udalak erraldoiak egiteko eskaera egin zionean: Sorgina, Ortzi, Mari, Akerbeltz eta 4 Galtzagorriak egin zituen: Alper, Oker, Txotxolo eta Txoro.
2003ko Malen Txiki egunean aurkeztu zituzten herrian, eta hogei urte igaro dira egun hartatik, herriaren babes osoa jaso eta jaiegunetan hutsik egiten ez duten taldea bilakatzeraino. Erraldoi eta buruhandien azpian ibili direnei eta jarraitzen dutenei esker, noski.
Lehenengo ausartak Aitor Mutxur, Ramon Saenz, Gaizka Garagartza, Domeka Lasarte, Xabi Urkiza, Orlando Arreitunandia eta Koldo Urkiza izan ziren. Urteen poderioz sartu irtenak egon dira, egun, zortzi bat lagun daude erraldoietan eta hiru emakume sartu berri dira taldera, buruhandietara. “Errelebo naturala eman izan da, kide berriak sartzea, buruhandietatik erraldoi izatera pasatzea, taldean gutxiago aritzea. Jendearen bila ere joan izan gara, eta ia inork ez digu ezezkorik eman, hori esanguratsua da”.
Eskerrak. Konpartsa beti desberdindu izan da erraldoien izaeragatik, pertsonaia mitologikoak, euskal kulturan errotuak eta ikusgarriak. Horrez gain, dantzan ere egiten dute. Rafa Oinguren izan zen dantzen arduraduna eta euskal dantzen moldaketak dira egiten dituzten koreografiak. Lehenengo dantzak Bobo Dantza eta Axeri Dantza izan ziren. Eta nola ez, hasieratik eskutik eraman duituzten Mutrikuko Txistularien laguntzagaz atera ohi dira, ahal izan duten guztietan.
Konpartsak hogei urte geroago bizi-bizi jarraitzearen arrazoia eta egindako “lan finaren” erantzuna eta oinarria jendea da. Konpartsako kide izandakoak, direnak, musikariak, jostunak, jantziak egiten dituztenak, tartean IƱigo Andonegi, Belen Ozkorta, Balbanera Arinas eta Mari Paz Urkiza. Eta, nola ez, baita kalera ateratako bakoitzean hutsik egiten ez duten herritarrak ere. “Xirik hasieratik sinesten zuen eta taldeak bere bidean ikasi du erraldoi eta buruhandiak herri osoarenak direla eta guztiok zaindu, babestu eta lagundu ditzakegula”. Hortaz, Malen jaien atarian, mutrikuarrak prest daude herriaren nortasunaren eta izaeraren ikur diren erraldoi eta buruhandien atzetik kalejiran abiatzeko.