Emozioak eta lehiak ez daukate etenik
Eusko Label Ligaren asteburuko estropadetan zazpigarren eta bederatzigarren sailkatu da Lekittarra eta hamaikagarren eta zazpigarren Ondarroa. XI. Caixabank Banderan segundu bakarrean sartu dira Lekittarra, Cabo, Getaria eta Santurtzi.
Eusko Label Ligaren ikuskizunak ez du inor epel uzten, eta asteburuan ere estropada ederrez gozatu dute arraun zaleek. Ibaian eta itsasoan aritu dira, eta bietan nagusi izan da Urdaibai.
Lekittarra zazpigarrena izan zen atzo, Castro Urdialesen (uztailak 22), eta postu bera lortu zuen Ondarroak herenegun (uztailak 23).
Sailkapen orokorrean Lekittarra zortzigarren postuan dago 39 puntugaz, eta Kaikuren ostean (34 puntu ditu), hamargarrena da Ondarroa, 26 puntugaz. Sailkapenaren goiko postuei dagokionez, Urdaibai zapatuan Eusko Label Ligaren sailkapen buru ipini zen, eta atzo Castroko uretan lidergoari eutsi zion, eta orain, puntu bateko aldea dauka Hondarribiagaz. 76 puntu dauzka liderrak; 72 puntugaz Zierbena da sailkapeneko hirugarrena.
XI CaixaBank Bandera lehiatu zuten atzo eguerdian. Lehen txandan, Kaiku izan zen azkarrena, Lekittarraren, Santurtziren eta Samertolameuren aurretik. 20.14,30 markatu zuen Kaikuk, eta Isuntzakoak 5 segundo eta 98 ehunenera sartu ziren. Zapatuan lortutako zazpigarren postuari esker, bigarren txandan irten zen Ondarroa. Orion izan zen txandako onena: 20.03,76. Gero, Caboren eta Getariaren artean 10 ehuneneko aldea baino ez zen egon, eta Ondarroa izan zen txandako azkena, Oriorengandik 30 segundo eta 8 ehunenera amaituta. Hondarribiak, Zierbenak, Urdaibaik eta Donostiarrak osatutako hirugarren txandaren hasiera berdindua izan bazen ere, gutxinaka tartea handitzen joan zen Bermeoko taldea. Oriok markatutako erreferentziagaz aritu ziren, eta ligan lehenengoz, estropada buru izan zen hasieratik. Lehenengo luzean Zierbena izan zen Urdaibairen erritmoari eutsi zion bakarra, ziabogara arte denbora berean aritu ziren bi traineru bizkaitarrak. Eta Hondarribia eta Donostiarra 2 segundora baino ez zeuden. Bigarren luzean, apurka-apurka Urdaibai tartea handitzen joan zen, eta estropadaren bigarren zatian alde erosoa ezartzea lortu zuen.
Estropadaren sailkapen orokorrean deigarria da Lekittarraren, Caboren, Getariaren eta Santurtziren arteko alde estua, zazpigarren eta hamargarren postuen artekoa, alegia. 20.20,28 izan zen Lekeitioko taldearen denbora, eta harengandik 22 ehunenera geratu zen bigarren txandako Cabo. Bigarren txandan hirugarren sailkatu zen Getariak bederatzigarren amaitu zuen, Lekittarrarengandik 32 ehunenera, eta Santurtzi hamargarrena Lekittarrarengandik segundo 1 eta 38 ehunenera geratu zen.
Bestalde, estropada gogor bezain ikusgarria izan zen zapatukoa. XII Bandera Ayuntamiento de Sestao – Centenario Kaiku Banderan lehia oso estua egon zen.
Ondarroa lehen txandako azkarrena izan zen: 20:13,74. Ia hamar segundo atera zizkion Kaiku bigarrenari (+09,44). Eta zazpigarren sailkatu zen estropdan. Lekittarrak, Getariak, Oriok eta Cabok osatu zuten bgiarren txanda. Cabo izan zen azkarrena (20.05,42) eta harengandik 4 segundo eta 74 ehunenera amaitu zuen Oriok. Getariaren eta Lekittarraren arten 10 ehuneneko aldea baino ez zen egon.
Ondo borrokatutako estropadan, 19.55,26 markagaz lortu zuen garaipena Bou Bizkaiak. Lehenengo hiru traineruak 5 segundoren barruan sartu ziren; 4 segundo eta 26 segundora sailkatu zen Zierbena bigarrena, eta 4 segundo eta 78 ehunenera Hondarribia. Sailkapen orokorreko lehenengo laurek ikuskizun ederra eskaini zuten hirugarren txandan; azken momentura arte emozioa mantendu zuten. Bigarren ziabogan Donostiarra izan zen azkarrena, baina gero ezin izan zion beste hiruren erritmoari eutsi. Azkenengo 200 metroetan hartu zuen aurrea Bermeoko taldeak, eta sufritutakoaren saria jaso zuen.