Maria Dolores Etxano: “Polarizazio handiko hauteskundeak izan dira”
Berdinketa hirukoitza egon da EAJ, EH Bildu eta PSE-EEren artean: bakoitzak lau senatari lortu ditu Hego Euskal Herrian.
Bizkaian, lau senataritik hiru EAJrenak izango dira eta bat PSE-EErena; Gipuzkoan aldiz, EAJren senatari bat eta EH Bilduren hiru; Araban, PSE-EEk hiru senatari eskuratu ditu eta EH Bilduk bat. Berdinketa hirukoitza egon da hiru alderdien artean, eta guztira lau senatari lortu ditu bakoitzak. Hala ere, jeltzaleen beherakada nabarmena izan da, izan ere, 2019an bederatzi eserleku eskuratu zituen, aurtengo bikoitza baino gehiago. Koalizio abertzaleak hiru senatari gehiago izango ditu aurten, eta PSE-EEk bi.
Maria Dolores Etxano ondarrutarra izango da EAJren Bizkaiko senatarietako bat, Nerea Ahedo Ceza eta Igotz Lopez Torre jeltzaleekin eta PSE-EEko Txema Oleaga Zalvideagaz batera. Bizkaiko EAJren 2019ko dauekin alderatuz gero, guztira 164.643 boto gutxiago eskuratu ditu azken hauteskunde hauetan, eta PSE-EEk aldiz, 89.860 boto gehiago. Etxanok azpimarratu du hauteskunde hauek Madrileko klabean izaten direla: “Guk hasieratik esan genuen hauteskunde hauek ez direla presidentzialak, eta emaitzek hala adierazi dute. Polarizazio handiko momentu batean izan dira. Gure helburua tade bat osatzea zen, eta hori lortuta dago. Horrek ikusgarritasuna ematen digu, eta aukerak ematen ditu gure iniziatibak aurrera eramateko, negoziatzeko eta gure botoek eragina izateko, kasu honetan, Madrilen”.
Horrez gain, izandako botoen galera polarizazioaren baitan kokatzen du, eta adierazi du ez dela lehenengo aldia antzeko zerbait gertatzen dena: “Bazegoen eta badago beldurra Vox gobernura iritsi edo Voxegaz Gobernua osatzeko, eta nik uste dut polarizazioa horren ondorioa ere badela. Polarizazioa ematen denean alderdi bat aukeratu behar da, eta kasu honetan argi ikusten da alderdi sozialista izan dela horren zuzeneko botoak jaso dituena”.
EAJren helburu nagusienak talde moduan eragina eduki ahal izatea eta talde bat osatzea izan dira, eta Etxanok zehaztu du biak lortu dituztela. Autogobernua defendatzea, atzerapausoak ez emateko erabakitzeko eskubidea edukitzea eta euskararen alde lan egitea ere badituzte helburuak, “negoziazioekin jarraituz euskal agenda eta euskal nazioa defendatzeko”.