Markina-Xemein garaile, Euskal Herriko herriartekoan
Kadeteek 22-13 eta nagusiek 22-5 irabazi zuten. Gazteek, aldiz, 8-22 galdu zuten.
Domeka eguerdian jokatu zuten Markina-Xemeingo pilotariek oiartzuarren aurka, Zumarragako Beloki frontoian. Kadeteetan Mikel Egurrola eta Unax Ibarzabal lehiatu ziren, eta 22-13 irabazi zuten. Markina-Xemein esku pilota taldeko entrenatzaileak aipatu du finalean tentsio eta nerbio asko pasa zutela, baina hala ere partidua ondo atera zutela. Hasieran aldea hartu zuten (10-3), baina oiartzuarrak hurbildu egin zitzaizkien (14-8). Hala ere, hortik aurrera nahikoa erraz lortu zuten garaile izatea.
Gazteetan Jokin Alvarez eta Markel Calvo aritu ziren, eta 8-22 galdu zuten. Nagusietan Josu Agirremalloak eta Alain Pujanak 22-5 garaitzea lortu zuten. Partidu “oso ona” egin zutela azpimarratu du entrenatzaileak: “Aurkariak ez ziren makalak, izen handiko bi aurkari ziren. Hala ere, oso ondo jokatu zuten eta partida aurrera ateratzea lortu zuten.
Horrez gain, Markina-Xemeindik bi autobus antolatu zituzten zaleak bertara joateko eta guztira 100 pertsona baino gehiago elkartu ziren bertan. Gainera, kotxez ere zale “nahikotxo” joan zirela azpimarratu du Pello Urionabarrenetxea entrenatzaileak, eta baita Oiartzundik ere: “giro ona egon zen, egun polita izan zen. Sentsazio onarekin gelditu ginen, pozik, disfrutatzen, gustura”. Urte guztian entrenatzen dute pilotariek, eta Urionabarrenetxeak nabarmendu du Euskal Herriko herriarteko txapelketa dela klub batek irabazi dezakeen garrantzitsuena, beraz, “oso gustura” daudela.