Artistek kaleak bere egin dituzte
41. Margo Sariketaren sari banaketa egin dute Zabielen: Iker Mugarra izan da lehenengo sariduna. Goiko Plazan, bertoko gastronomiarekin gozatzeko aukera eduki dute.
Gaur [uztailak 25] Mutrikuko Malen jaien azken eguna ari dira ospatzen mutrikuarrak, eta urtero legez, Mutrikuko Ageriko 41. Margo Sariketarekin hasi dituzte Santixo eguneko ekintzak. 10:00etan abiatu dute lehiaketa, eta 30 parte hartzaile izan ditu aurten. Artistak herrian zehar banatu dira, eta euriaren babesean, sormenari bide eman diote.Â
Askotariko teknikak erabili dituzte herriko txokoak islatzeko; portua, kofradia eta kale arteko zirrikituak izan dira askorentzat oinarri. Hain zuzen ere, Ipar kalea (Katu kale) izan da lehenengo saria irabazi duen lanaren ikurra. Zabielen egin dute sari banaketa, eta epaimahaiaren esanetan, Ugaoko Iker Mugarraren lana izan da onena; 700 euroko saria jaso du. Bigarren saria bergarako Ricardo Azkargortak irabazi du eta hirugarrena, berriz, Gasteizko Eduardo Alzasuak. 400 eta 200 euroko saria jaso dute, hurrenez hurren. Haur kategoriako saritua, berriz, Ziortza Antxustegi Aristi mutrikuarra izan da; hirugarren urtea da saria irabazten duena, eta Joseba Palenzuela alkateak indarrak eman dizkio Antxustegiri ibilbidearekin jarraitzeko.
Antolatzaileek gogorarazi zutenez, sariketan parte hartu dutenen lan guztiak Zabiel kultur etxean egongo dira ikusgai, uztailaren amaierara arte. Ordutegia honakoa da: astelehenetik zapatura, 18:30etik 20:30era eta domeketan, 12:30etik 14:00etara.
Jan-edana. Horrez gain, Goiko Plazara bertaratu direnek bertoko gastronomiagaz gozatzeko aukera eduki dute; gisatua eta txakolina. Euritan ere ilara luzeak egon dira haragia probatzeko.