Euskal Herria Perimetrala, elkartasun bete kilometro
Gaixotasun desberdinak dituzten ume eta gurasoak biltzen dituzten Aspanovas, Aspanogi, Bihotzez eta Arnasa elkarteei laguntzeko Euskal Herria Perimetrala erronka amaitu berri dute Helmugak proiektuko kideek.
Nekatuta baina pozik. Erronka zail bezain bereziak egitera ohituta daude Helmugak proiektuko kideak, baina oraingo honetan ez dute ez edozelako hordagoa bota.
Aspanovas, Aspanogi, Bihotzez eta Arnasa elkarteei diruz lagundu eta horien lana ezagutara emateko asmoz, Euskal Herria Perimetrala erronka solidarioa burutu dute. Euskal Herriaren perimetroa zeharkatzeko 1.106 kilometro–17.000 metrotako desnibela– egin dituzte hiru egunetan. «Oso ondo joan dela» diote. Ordu asko, kilometro asko egin dituzte eta deskantzatzeko denbora gutxi izan dute. Lo gutxi egin dute, baina esperientzia berezienetakoa izan da, eta lortutakoagaz «pozik» daude.
Euria, beroa, hotza, haizea… izan dituzte bidelagun, baina baita tokian tokiko hainbat txirrindulari ere. «Denetarik» eduki du abenturak: «Orain arteko erronka gogorrena izan da, batez ere, deskantzu faltagatik eta giroagatik: beroa, hotza, euria… danetarik eduki dugu apur bat. Baina, egin dugunok pozik geratu gara».
Eguen goizean sei pertsona abiatu ziren Berriatutik, eta lauk amaitu dute erronka. Alkarri laguntzen ibili dira, «bidean beste inor galdu ez zedin». Eurek gogoratu bezala, erronka gogorra izan denaren «adierazgarria» da hori.
Helburuak beteta, «pozik» daude. Hasieran kilometroko euro bat lortzea zen euren asmoa, eta langa hori gainditu dute. Datorren urtean hori pasatu, eta «askoz gehiago» lortu nahi dute. Izan ere, diru bilketagaz segitzen dute, Kukumiku crowdfunding solidarioa atarian– www.kukumiku.com–.
«Hau hasiera besterik ez da izan; crowdfundinga zabalik da, eta datorren urtean berriro beste erronka bat eta jai bat egingo ditugunez, ordura arte martxan egongo da. Ekarpena egin nahi dutenen laguntza hori lau elkarte horiek eskuzabalik hartuko dute», azaldu du Ander Txakartegi Helmugak proiektuaren bultzatzaile berriatuarrak.
Han hemenka babes keinuak topatu dituzte. «Sare sozialen bitartez jendeak proiektu hau ezagutzen du, eta lantzean behin baten bat agertu zaigu eta kilometro batzuk egiten lagundu digu, baina egia da, ez dela erraza Pirinioetan edo Nafarroa hegoaldean jendea topatzea».
Era berean, sare sozialetatik jenderengandik jasotako mezuekin ere babesa sentitu dute. «Jendeak sare sozialen bidez jarraitu gaitu». Ikusgaitasun asko eduki du proiektuak, eta, hain zuzen ere, horixe da euren helburuetako bat, elkarteak ezagutara ematea, horien lana ahalik eta gehien zabaltzea. «Dirua lortzea garrantzitsua da, baina baita jendeak jakitea hor daudela ere. Bi gauza horiek lortu baditugu, pozik gaude».
1.106 kilometroren ondoren, domekan ailegatu ziren helmugara, Berriatura. Ez zuten ezer aurreikusita, baina hurbilekoen harrera beroa jaso zuten: «Familikoak eta lagunak zain geneuzkan, eta mahai bueltan, bazkari eder batean batu ginen denok. Oso polita izan zen; ingurukoak bertan egotea beti da polita».
Helmugak proiektuko kideek eskerrak eman dizkiete ekarpenak egin dituztenei, hurreratu ziren denei zein modu batera edo bestera parte hartu dutenei eta lagundu dietenei. «Aurrerantzean ere hemen jarraituko dugu, eta zeozertan lagundu nahi duena guk eskuzabalik hartuko dugu, eta beldu barik etorri dadila». Erronka amaitu berritan, datorren urtekoan pentsatzen hasi dira dagoeneko.
*Argazkiak: Helmugak: