Babes dikea indartuko dute Ondarroako portuan
Dikearen kanpoko aldean 20 tonako, 45 tonako eta 60 tonako blokeak jarriko dituzte eta espaldoiaren tarte bat handitu egingo dute.
Ondarroako portuko babes dikea indartzeko espaldoiaren tarte bat handitu eta hormigoizko blokeak jarriko dituzte. Lanekin hasi dira jada, baina, hala ere, udaberrira arte ez dira hasiko hormigoizko blokeak jartzen. Hortaz, aurten egingo diren lanek eragin gutxi izango dute portuko lanetan.
Ondarroako portuko babes dikea indartzeko proiektua eskatu zuen Eusko Jaurlaritzak 2021ean, hain zuzen ere, olatu handien aurrean babes dikeak zuen jarrera aztertu ondoren. Proiektuan, ezpondak indartzeaz gain, gainezkatzea minimizatzea aurreikusten zen, jasangarritasunaren, ingurumenaren eta ikus-inpaktuaren muga onargarrien barruan. Hori dela eta, proiektuak aurreikusi bezala, dikearen kanpoko aldean 20 tonako, 45 tonako eta 60 tonako blokeak jarriko dituzte eta espaldoiaren tarte bat handitu egingo dute: espaldoia 1,50 metro handitu eta mikropiloteekin josiko dute. Aurten egingo duten zeregin nagusia izango da hori, 2024ko udaberrian edo udan aurreikusten baita blokeak jartzea.
Typsa ingeniaritza enpresak idatzi du indartze proiektua, eta Obraren Zuzendaritzarentzat laguntza teknikoko lanak ere egingo ditu. Obraren kontratua Amenabar-Altuna-Uria aldi baterako enpresa elkarteari adjudikatu diote, 3.998.635,10 euroko aurrekontuarekin eta obrek hamalau hilabeteko epea izatea aurreikusten dute.
Azterketa. Eusko Jaurlaritzak hala eskatuta, Ondarroako babes dikeak olatu handien aurrean eduki dezakeen portaera aztertzeko proiektua garatu zuen TYPSA Euskadik eta Madrilgo (Espainia) Unibertsitate Politeknikoko Agustin Betancourt Fundazioak (FAB).
Babes dikea kostaldearen lerrokadurarekiko paralelo dagoen 166 metroko luzerako lehen tarte zuzenak osatzen du, eta 2016an egindako larrialdi obren ondoren 20 tonako blokeek babesten dute. Era berean, kostaldearekiko perpendikularra den bigarren tartea, 145 metrokoa, 40 tonako hormigoizko blokeekin dago babestuta. “Oso gainezkatze nabarmenak izaten dira denborale handien ondorioz, eta horiek areagotu egin dira 2014 ezkero eta bizitzen ari diren larrialdi klimatikoko egoerengatik”. Gainera bi lerrokaduren artean harkaitz bat dago eta horrek areagotu egiten du gainezkatzeak. Dikearen egungo egoera eta proiektatutako soluzioaren portaera zehatz-mehatz ezagutzeko, 3D eredu fisikoan egindako saiakuntza bat egin zen, goiko irudian ikusi daitekeena.