Portuetako bizitza margolan bihurtuta
Enrike Zubiaren artelanak egongo dira ikusgai domekara [uztailak 30] arte, Lekeitioko Eskolapeko Aretoan.
Itsasoko brisa, portuetan egoten den aparteko usaina, ahotsak… Irudikaezinak diren kontzeptuak irudikatzen ditu Enrike Zubia artista bermeotarrak, eta horiek ikusteko aukera dago Lekeitioko Udako Arte Erakusketan, domekara [uztailak 30] arte, 18:00etatik 21:00etara eta asteburuan goizez ere bai, 12:00etatik 14:00etara, Eskolapeko Aretoan.
Aretora sartu eta ia itsasoa usaindu daiteke. Guztira Zubiaren 45 koadro inguru daude ikusgai, bakoitza beharrezko xehetasunagaz kokatuta. Ur eta Lur izeneko erakusketako lehenengo koadroa, bertan daudenetatik Zubiaren koadro gustukoena da. Begirada galdua duen mutiko bat da, bere txakurragaz, zeruertzera begira. Artistak aipatu du orain txakurrak “apenas” ikusten direla portuan, baina lehen enbarkazio bakoitzeko txakur bat egoten zela: “Asko laguntzen zuten txakurrek, sareetan sartzen ziren arratoiak harrapatzen zituzten. Lehen txakur asko egoten ziren kalean, eta gehienak itsasorako izaten ziren. Hortik daukat nik txakurrak marrazteko ideia”.
Dioenez, orain inspirazio gutxiago aurkitzen du arrantzaren mundu zabalean. Margolari bermeotarrak gertutik ezagutu izan du arrantzaren mundua, aita arrantzalea baitzuen: “Barruan ditut kontu horiek”. Horregatik, bere erakusketako lanetan orain portuetan ikusten dena baino gehiago, lehen ikusten zena islatu du: “Lekeitioko itsasaldea, hondartza, portuko moila, neskatilak eta mutikoak, arrantzaleak… 14 urtegaz hasi nintzen aitagaz itsasora joaten, eta horregaz busti naiz ni. Figurak, mugimenduak, ikusten nuena, itsasoko lanak… hori izan da nire inspirazio iturria”.
Gaur egun, inspirazioa iristen zaionean paper batean apuntatzen du, normalean egunkarian, eskuan eraman ohi duelako bat. Bertan, zirriborro bat egiten du, jakin badakien arren, ez zaiola ahaztuko burura etorri zaion irudi hori: “Ez dut prestaketa lan askorik egiten, zuzenean mihisean lanean hasten naiz”. Erakusketan horren isla aurkituko du bertara joaten denak. Bere koadroek inpresionismotik jaten dute batzuetan, errealismoagaz nahastuta. Beste batzuetan brotxakada solteak eta arinagoakegiten ditu, eta kubismotik ere badute zerbait. Koadroak eskatzen dionaren arabera, momentuan sentitzen duenagaz egiten ditu artelanak.
Lan asko dauka atzetik koadro bakoitzak, ordu eta dedikazio asko. Hala ere, batzuek musika sortzeko edo idazteko beharra sentitzen duten bezala, Zubiak margotzeko beharra sentitzen du: “Sarritan prentsatu izan dut: zergatik behar dut nik hau egitea? Mendira joateak pozten nauen bezala, hau egiten dudanean ere bai. Egiten dudanean nekatu egiten naiz, baina egiten ez dudanean ere buruari bueltaka aritzen naiz”.
Beldurrik ez. Neke guztiaren eta egindako esfortzu guztiaren adierazgarrietako bat dira erakusketak, eta Zubiak azpimarratu du ez edukitzeko beldurrik erakusketetara joateko: “Jende askok esaten du ez dituela margolanak ulertzen, ez duela artea ulertzen, baina ez da ulertze kontua. Bertara joan eta zenbat eta gehiago ikusi, orduan eta gehiago ulertuko eta gozatuko duzu. Zeuretu egiten dituzu artelanak”. Horregatik, beldurra eta ikara burutik kendu, eta erakusketara joateko deia bota du: “Kontu horiek kendu burutik, inor ez da jakinda jaio”.
Gainera, nabarmendu du berarentzat pozgarria dela jendea erakusketara joatea, eta horrek “gogo handiagoa” ematen diola lanean jarraitzeko: “Ez utzi biharko, eta etorri erakusketagaz gozatzera. Obra asko daude, eta momentu polita da bertatik pasatu eta egindako lanak ikusi ikusteko”.
Aurrera begira jarrita, abendurako beste ideia batzuk dauzka buruan. Emakumeak margotu nahi ditu, obra nagusi zein txikiagotan eta baita bi metroko obra batean ere: «Lan asko daukat egiteko, abendua badirudi urrun dagoela, baina segituan iritsiko da».
Erakusketaz erakusketa. Astelehenero aldatzen dute Udako Arte Erakusketan ikusgai egongo diren artelanak. Oraindik ere, beste lau erakusketa geratzen dira: datorren astelehenetik eta abuztuaren 6ra arte, Maite Saavedraren eta Miren Agur Meaberen Terra egongo da ikusgai, olerkiak eta argazkiak batuz; 7tik 13ra, Juan Isasi Urdangarinen Lekitto luzetara akuarela erakusketa; 14tik 20ra Irene de Madrazoren Insect extinction? pintura eta akuarela erakusketa; eta 21etik 27ra, Aitor Arrizabalaga Txurrukaren Harria, Zura eta ura, pintura, argazkiak, collage-ak eta egurra nahastuz. Geldialdi baten ostean, irailaren 15etik 18ra, Lekeitialde Silloniz txirrindulari taldearen 50. urteurreneko erakusketa ikusi ahalko da.