Lekeitioko Udalak aldaketarako bidea hasi du
“Zaintzen duen herria” du helburu, eta horretarako hiru lehentasunezko ildo ezarri ditu: Maderas de Lekeitio, Abaroa-Uribarren egoitza eta Udaleko langileak.
Lekeitioko Udalak agerraldia egin du gobernu berriak udaletxea hartu zuenetik 40 egun pasa direnean, balorazio bat egiteko asmoz. Hasteko, argitu nahi izan dute, 40 egun hauetan jakin ahal izan dutenarengatik, finantza egoera ez dutela txarto aurkitu. Bestalde, egun hauetako erradiografia hurrengoa dela adierazi dute: “Baieztatu egiten da herritarrek, eta baita EH Bilduk ere, azken urteetan kritikatu izan duguna: Udala gehiegi egon da turismoari eta kanpoko itxurari begira, eta deskuidatuta izan ditu Lekeitio eta herritarrak”. Horrekin lotuta, “gauza asko” aipatu daitezkeela esan dute, baina hiru ideia azpimarratu dituzte.
Alde batetik, aurreko Udalak Pleno osoaren adostasunez Maderas de Lekeitioko lurrak erosteko erabakia hartu zuen. Aurreko legegintzaldiko azken egunean adierazi zuten erosketa kontratua sinatzekoak zirela, baina, bat-batean, “sorpresaz”, herritarrek azken momentuan kontratua sinatu gabe geratu zela eta negoziazioak etenda zeudela jakin zuten. Udal berriak negoziazioak berriro ere martxan jarri ditu, eta gaia aztertzen ari dira, ematen dituzten pausuak “Lekeitiorentzat ahalik eta onuragarrienak izateko”.
Bestalde, Abaroa-Uribarren egoitzako langile, erabiltzaileen senide eta Patronatuagaz batzeko erabakia hartu zuen Udalak, azken aldian iritsi zaizkien kexak direla eta. Gerentziari “botere handiegia” utzi izan zaiola azpimarratu dute, berez Patronatuari zegozkion hainbat ardura betetzeko. Horren aurrean, Udalak hartu duen erabakia Gerentziari dagokion egitekoa eta Patronatuari dagokiona argi bereiztea izan da. Hainbat funtzio jada betetzen hasi dira, besteak beste, pandemiatik senideentzako itxita egon diren ateak oraintsu zabaldu dituzte eta senide eta langileekin hartu-eman zuzena mantenduko dute. “Adinez nagusitzen doan populazioa dauka Lekeitiok, eta zaintza erdigunean jarri behar da”.
Azkenik, udaleko langileen arloan “deskuidu handia” aurkitu dutela salatu dute: “Ordezkapenak ez dira betetzen, lan poltsarik ez dago, sindikatuetatik jaso dugu urteetan ez direla alkatetzarekin batu… Partxez betetako arlo bat da, datozen urteetan lehentasuna eman eta ondo ordenatu beharko dena”.
Turismoari “itsu-itsuan” begira egon den herria izatetik, zaintzen duen herria izaterainoko bidea egin nahi du Udalak, eta nabarmendu dute horretan jarriko dutela energia, denbora eta indarra.