Ondarroako Triatloi herrikoia, zapatuan
16:00etan hasiko da herri triatloia. Gainera, umeen akuatloia ere egingo dute, 11:00etan. Proba bietarako izen ematea egunean bertan egin beharko da.
Ondarrutarrak eta inguruko herritarrak prest daude triatloi herrikoiari ekiteko. Zapatuan [uztailak 29] egingo dute herritarren arteko hartu-emana eta kirola uztartzea jomuga nagusi duen egitasmoa. Iazko ekitaldiaren “balorazio positiboaren” ostean, aurtengoan mailari eustea du helburu Koaxi Triatloi Taldeko antolakuntza lantaldeak. Egunean bertan eman beharko dute nagusien herri triatloian izena parte hartu gura dutenek, baina egitaraua lehenago ipiniko dute abian, goizez.
Izan ere, 11:00etan umeen akuatloia egingo dute. Hasiberriek, benjaminek, alebinek, ume mailakoek eta kadeteek parte hartzeko aukera edukiko dute. Izena emateko, 10:00etan Itxas Aurren egon beharko dira. Herri triatloiari dagokionez, 16:00etan hasiko da, baina izen ematea 15:00etan zabalduko dute, hori ere Itxas Aurren.
Duela urtebete, 55 lagun animatu ziren herri triatloian parte hartzera, eta “giro bikaina” egon zela nabarmendu dute antolatzaileek: “Lagun kuadrillak, binakako taldeak eta bakarrik bertaratutakoak egon ziren; gainera, herritarrek babes handia eman zieten parte hartzaile guztiei, eta helmugan txalo zaparradagaz hartu zituzten”.