Aurreikuspenak gainditu dituen V. jazz jaialdia
Uhagon Kulturguneak antolatzen du, eta aurtengo jaialdia arrakastatsua izan da: “Uhagoneko terraza eta berdegunea bete-bete egin dira jendez”.
Uhagon Kulturguneak aurten bosgarren aldiz egin duen jazz jaialdiaren balorazio “oso ona” egin du. Aipatu dute aurtengo jaialdiak “aurreikuspen guztiak gainditu” dituela, eta “oso pozik” daudela jaialdiaren eboluzioa ikusita.
Hiru egunetan lau talde desberdinek eman zuten kontzertua, eta talde guztien kalitatea “oso altua” izan dela azpimarratu dute kulturguneko kideek. Horrez gain, musika estiloari dagokionez, egon diren talde guztiek estilo desberdinetako musika jotzen dute, eta hori ere “oso aberasgarria” dela uste dute.
Publiko aldetik, berriz, jasotako erantzuna “bikaina” izan dela nabarmendu dute: “Jaialdi guztian Uhagoneko terraza eta berdegunea bete-bete egin dira jendez. Herritarrez gain, kanpoko jendea ere asko etorri da. Eskerrak eman nahi dizkiegu etorri diren guztiei, erantzun bikain honek jaialdia antolatzen jarraitzeko indarra ematen baitigu”.
Dagoeneko datorren urtera begira jarri dira, jada hasi baitira proposamenak jaso eta baloratzen. “Langa altu” geratu den arren, adierazi dute saiatuko direla aurtengo maila mantendu, eta ahal bada hobetzen.