Mendexako sanpedroak, historiaz gainezka
Aurtengo San Pedro jaiak bereziak izango dira mendexarrentzat. Bereziak baino are gehiago: historikoak. Ez da egongo aspertzeko astirik San Inazio egunagaz hasi eta hiru egunez luzatuko diren ospakizunetan.
Uztaileko azkeneko egunagaz batera, emozioak loratzen hasiko dira mendexarren gorputzetan. Sasoian dagoenak San Inazio eguna hondartzan hasiko du, boleibol txapelketagaz batera. Herrigunean nagusiak izango dira eguneko protagonistak, batez ere, 1958a baino lehenago jaiotakoak. Jubilatuen bazkarirako elkartuko dira, meza eta pilota partiduen ondoren.
Tradizioan errotutako egun horregaz jarraitzeko, arratsaldean hainbat txapelketetan parte hartzeko aukera edukiko dute herritarrek: 17:30ean jokatuko duten briska txapelketan edo 18:30ean egingo duten txapel jaurtiketan. Lehen egunagaz amaitzeko, herriko eta inguruko gazteek hartuko dute jaiaren eta gauaren boterea, Holy Rippers, Ume Okerra, Mugi Panderoa eta Ztart taldeak igoko dira oholtza gainera, gaua girotzeko asmoz.
Antolatzaileek argi utzi nahi izan dute indarkeria matxistarik gabeko jaiak nahi dituztela, eta horren harira txosnetan puntu morea egongo dela. Horregaz batera, protokolo bat ere prestatu dute: “Jai giro ona nahi dugu, denok ondo pasatzeko bezala. Ez dugu behar, eta ez dugu onartuko, inolako erasorik”.
Historia mahai gainean. Abuztuko lehen egunagaz, historia idazten ariko dira mendexarrak. Tradizio handiko ekimen eta eguna den arren, aurtengoan tradizioari beste bira bat emango diote: “Herrian lehenengo aldia da alkatea emakumea dena eta, beraz, lehenego aldia izango da Mahaiganeko dantza emakume bati egingo diotena”. Mendexar guztiak mahaiaren inguruan batuko dira ekimen garrantzitsu eta berezi honetaz gozatzeko.
Horren ostean, egun indartsu honegaz aurrera egingo dute, 90 urtetik gorakoei omenaldia eginaz eta jarraian egongo den bertso poteoagaz. Iluntzean, gazta eta sardinak jan eta sagardoa edan, bapo geratuko dira herritarrak, Drunk Smile taldearen kontzertua entzun bitartean. Mendexa herri bizia dela erakusten duen play black txapelketagaz amaituko dute jaietako bigarren eguna.
Hirugarren egunean ere, 11:00etako mezan elkartuko dira herritarrak. Gazte eta ez hain gazteei indarrik oraindik geratzen bazaie, 12:00etatik aurrera IX. Tortilla Txapelketa eta zapu jokoa egongo dira: “Giro polita sortzen da goizean, egun indartsua izaten da”. Umeek indarra hartu beharko dute helduek prestatutako tortillekin. Izan ere, arratsaldean umeen krosa egongo da: “Parte hartze handia egoten da urtero-urtero, eta giroa ezin hobea izaten da”. Horixe da hain zuzen ere jaien antolatzaileek nahi dutena: “Giro oso ona egotea, eguraldiak laguntzea eta herritarren aldetik parte hartze handia egotea”. Kroserako izen ematea egunean bertan izango da.
Ostean, krosean umeak animatzen ahotsik gabe geratu ez denak irrintzi txapelketan parte hartu ahal izango du, umeek txokolatea hartzen duten bitartean.
Jendetza erakarri ohi dituzte Mendexako jaietako kontzertuek, eta aurten ere ez da gutxiagorako izango. Dr. Palauer, Des-Kontrol, Txapel Punk eta DJ Amatakiren musika entzun ahal izango da plazan.
Sekretuak. Eguaztenetik domekara geratzen diren hiruzpalau egunetan, herri eta auzotarrak XIV. Marmitako Txapelketarako osagai sekretuak biltzen ariko dira: “Kukuabila elkarteak hegaluzea banatzen du, eta patata… bakoitzak berea eramaten du. Hor egoten da misterioa, bakoitzarenak nondik ote datozen”.
Marmitako onena zein den dastatzeko aukera edukiko dute herritarrek, ostean egingo duten herri bazkariagaz, eta horregaz agur esango diete San Pedro jaiei, datorren urtera arte: “Etortzeko zalantzan dagoena etor dadila: Gababusa, Lekeitiotik autobusak… etortzeko erraztasun guztiak egongo dira, eta giro ederra ez da faltako”.