Presidente aldaketa, Lea-Artibai Amankomunazgoan
Leire Markuerkiaga Olabe markina-xemeindarra izendatu dute amankomunazgoko presidente datozen lau urteetarako.
Gaur [uztailak 28] egin duten plenoan Leire Markuerkiaga Olabe izendatu dute, bozketa bidez, Lea-Artibaiko Amankomunazgoko presidente izateko. Koldo Goitiaren erreleboa hartu du Markuerkiagak, gutxienez lau urtez. Presidenteordea, aldiz, Joseba Goienola Bilbao, Berriatuko alkatea izango da.
Markuerkiaga Markina-Xemeingo alkateordea eta Ongizate zinegotzia da, eta izendapena begi onez eta erronka moduan hartu du, “oso harrotz” egiten ez zaion lana dela esanez: “Aurretik ere ibili naiz kudeaketa mailan lanean, eta badut gutxieneko eskarmentua. Gustura hartu dut albistea, eskerrak emanez taldekideei nigan jarritako babes eta konfiantzarengatik”.
Amankomunazgoko talde berria lanean jarri da jada, eta aipatu du argi dutela eskualde mailako ikuspegi zabal bategaz jokatzeko tokia dela. Gaur egun, batez ere gizarte zerbitzuak eta hondakinak lantzen dituzte, eta Markuerkiagak azpimarratu du “beste bira bat” eman nahi diotela: “EH Bilduren kanpainan askotan esan dugun moduan, zaintza erdigunera ekarrita. Amankomunazgoari jendea eta ingurunea zaintzea tokatzen zaio, eta badago zeregina gizarte zerbitzuak hobetu eta mantentzeko. Horrez gain, ekarpen handiagoa egin daiteke ingurumeneko arloan ere”. Nabarmendu du gaur egun hondakinen kudeaketa egitea dela lan ildoetako bat, baina ingurumena “ez da hori bakarrik, oso gauza zabala da”. Horregatik, beste ikuspuntu batetik begiratu nahi diote.
Saretzea. Horrez gain, maiatzaren 28ko hauteskundeetako emaitzei eta Bizkaiko amankomunazgoei orokorrean begiratuz gero, egoera hau “nahiko berezia” dela adierazi du Markuerkiagak. Bizkaiako hainbat herritan EH Bildu indartu da, eta ondorioz baita amankomunazgoetan ere. Une hau baliatu nahi dute amankomunazgo isolatu bezala jokatu beharrean, Bizkaiko gainontzeko amankomunazgoekin elkarlana eta saretzea eginez jokatzeko: “Biltze horrek indarra emango digu gauzak aldatzeko edo eskatzeko”.