Eñaut eta Lekerika, garaile Mutrikun
Mutrikuko Jai Alai Master Seriesko finalak jokatu ziren barikuan, eta mutiletan garaipena etxean geratu da.
Mutriku Jai Alai Master Seriesko finalak jokatu ziren barikuan, Mutrikuko Miruaitz Frontoian. Frontoia goraino bete zen eta giroa bero zegoen, joko gosez.
Lehenengo partida neskek jokatu zuten, Maite Ortiz de Mendibil gasteiztarra eta Eneritz Lizardi mutrikuarra Ihart Arakistain sopeloztarraren eta Frida Warkins zumaiarraren aurka. Ihart eta Frida nagusitu ziren, 25 tantogaz. Eneritz eta Maite 22 tantotara geratu ziren arren, partida “polita” egin zuten: “Neskak aspaldian mutrikun jokatu gabe zeuden, eta partida polita atera zen, jendea gustura geratu zen”, aipatu du entrenatzaileetako batek. Partida lehiakorra izan zen, eta entrenatzaileak azpimarratu duenez “laurek jokatu zuten ondo”. Nesken garaipena ezin izan zen etxean geratu, baina hala ere jendea gustura geratu zen ikusitakoagaz.
Nesken ostean, Goixerrik eta Mancik jokatu zuten Eñaut eta Lekerikaren aurka. Semifinaletan Eñautek eta Lekerikak erakutsi zuten Goikoetxea eta Bailoren aurrean nagusi zirela, eta sekulako jokoarekin zetozela. Ondorioz, finalean sartzea lortu zuten.
Bestalde, Goixerrik eta Mancik, oso partida lehiakorrean, Aaron eta Zabalaren aurka jokatu zuten: “Jendea finalerako gogoz zegoen, oso partida ona espero zen”.
Barikuko finala bi setera jokatu zen, eta bietan urdinek lortu zuten garaipena, 15-7 eta 15-7 eginaz, Eñaut eta Lekerikaren alde. Urdinek jokoa dominatu eta garaile izatea lortu zuten, lehia handia erakutsi ostean. Entrenatzaileetako batek nabarmendu du gorriak beraien mailan “estu” ibili zirela: “Gorriek nahi izan zuten, baina ezin izan zuten lortu. Urdinek oso ondo jokatu zuten, bai aurrean Eñaut mutrikuarrak eta baita atzean Lekerikak ere. Sekulako boterea eta indarra dute, eta ez zuten hutsunerik utzi. Merezimendu osoz irabazi zuten partida, biek oso ondo jokatuta”.