Uztaileko azken estropadak, bizi-bizi
Asteburuko Getxoko eta Santurtziko estropadetan Lekeitio hamargarren eta laugarren eta Ondarroa zortzigarren eta bederatzigarren geratu dira, hurrenez hurren.
Aurrera doaz Eusko Label eta Euskotren ligak eta asteburuan [uztailak 29 eta 30] Getxon eta Santurtzin jokatutakoagaz ia-ia ekuadorra atzean utzi dute. Getxoko estropadetako Ikurriña Bermeo Urdaibairek eraman zuen, 20.35,32ko denboragaz, eta Santurtzikoa, aldiz, Hondarribiak, 19.23,20ko denboragaz.
Ondarroak lehen txandan jokatu zuen laugarren kalean, eta 21.40,30eko denboragaz, lehen txandako onenak izan ziren. Lekeitiok, aldiz, bigarren txandan jokatu zuen, eta 21.51,06ko denboragaz amaitu zituen lanak, bigarren txandako laugarren postua lortuz. Osertz Alday Lekeitioko traineruaren entrenatzaileak asteburuaren balorazio ona egin du: “Zapatuan estropada ona egin zuen Lekittarrak, baina bigarren ziabogan ezbehar bat izan eta maniobra hori gaizki egin izanak eragina izan zuen amaierako emaitzan”.
Getxoko sailkapen orokorrean, Ondarroa zortzigarren eta Lekeitio hamargarren gelditu ziren, bost eta hiru puntugaz, hurrenez hurren.
Getxokoaren ostean, atzo [uztailak 30] Santurtziko 44. Ikurriña jokatu zen. Lekeitiok lehen txandan jokatu zuen, eta lehen postua lortu zuen, 19.33,16ko denboragaz. Ondarroak, aldiz, bigarren txandan jokatu zuen eta hirugarren postua lortu zuen, 19.43,34ko denboragaz.
Santurtziko estropadako garaile Hondarribia izan zen, 19.23,20ko denboragaz. Atzetik, Bermeo eta Zierbena izan zituen. Laugarren postua lortu zuten lekeitiarrek, bederatzi puntugaz. Ondarroak bederatzigarren postua eskuratu zuen, 4 puntugaz. Lekeitioko entrenatzaileak asteburua orokorrean baloratuta ondo aritu direla nabarmendu du, eta errendimendua ere ona izan dela: “Egindako lanarekin pozik gaude”.
Sailkapen orokorra. Getxoko eta Santurtziko estropadak jokatu ostean, Eusko Label ligako sailkapen orokorreko nagusia Bermeo Urdaibai da, 99 puntugaz. Puntu bat gutxiagorekin Hondarribia dago. Atzetik Zierbena, Donostiarra eta Orio daude 91, 74 eta 62 puntugaz, hurrenez hurren. Sailkapenaren erdi-erdian Cabo da Cruz eta Getaria daude, biak 53 puntugaz. Getaria baino bi puntu gutxiagorekin Lekittarra dago, 51 puntugaz. Ostean, Kaiku, 39 puntugaz, eta atzetik Ondarroa, 35 puntugaz. Sailkapeneko azken biak Itsasoko Ama 27 puntugaz eta Samertolameu 20 puntugaz dira.
Hurrengo estropadak Hondarribian eta Lekeition izango dira, abuztuaren 5ean eta 6an, hurrenez hurren.