32 ontzi elkartu dira Mutrikuko Batelero Egunean
Atzo amaitu zuten Batelero Eguna Mutrikun, asteburu osoko egitarauaren ostean.
Euskal Bateleroen Elkarteak urtero antolatzen du Batelero eguna, Euskal Herriko herri desberdin batean. Aurtengoan, Mutrikun egin dute jaialdia. Egun bateko egitarau batekin baino gehiagorekin gozatzeko aukera egon da.
Barikuan hasi ziren ontziak Mutrikura iristen. Euskal Herriko ontziez gain, Galiziako bat eta Kataluniako beste bat ere etorri ziren: “Guztira 32 ontzi elkartu dira portuan. Ontzi euskaldunak ere toki guztietatik etorri dira, Muskizetik hasi eta Iparralderaino”, aipatu du antolatzaileetako batek.
Ontzi guztiei harrera egin ostean, zapatu goizean nabigazio librea egin zuten. Arratsaldean berriz, zinga txapelketan “giro paregabea” egon zen moilan. 14 pertsona apuntatu ziren txapelketan, eta garailea Jon Koldo Romero izan zen: “Jendea txapelketa ikusten gustura eta emozionatuta egon zen, ea nork irabaziko. Lehia bizian aritu ziren parte hartzaileak”. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, jende asko egon zen txapelketa ikusten, “inoiz ez da horrenbeste jende egon txapelketa ikusten”.
Herriko jendea ez ezik, inguruetako asko ere joan dira ekintzaren bat ikustera. Domeka goizean nabigatzen ibili ziren ontzietan, eta pixkanaka, arratsaldeko antzerkirako berriro ere Mutrikura itzuli ziren. Moila bete-bete eginda egon zen domeka arratsaldean, eta jendea antzerkia noiz hasiko zain zegoen: “Arrainak eraman genituen, eta oraintxe Arkupegain azpian jarri den garabia erabiliz igo genuen arraina. Antzerkia egin zuten eta ostean koroa egon zen. Domeka ere egun polita izan zen”. Antzolatzaileek espero bezala, jende ugari joan zen antzerkia ikustera: “Aurretik ere urte batean antzerkia egin genuen, eta jendeari asko gustatu zitzaion”.
Atzo izan zuten azken eguna bateleroek, eta goizean nabigatu ostean, eguerdian zinga ikastaroa eman zuten. Eguna amaituta, datorren urtekoari begira jarriko dira Euskal Bateleroen Elkartekoak: “Jendeari asko gustatu zaizkio asteburuko ekintzak, eta gu ere oso gustura gelditu gara egindakoarekin. Iaz Portugaleten egin genuen, eta aurten, aldiz, Mutrikun. Hurrengo urtekoa ere laister erabaki beharko dugu”.