Mahaiganeko ezin bereziagoa
Historia idatzi dute mendexarrek, mahaiganeko dantza lehenengoz emakume bati eginez.
Jaietako bigarren eguna umore onez hasi dute mendexarrek. Mezaren ostean, Mahaiganeko Dantza Taldeak tradizio den mahaiganeko dantza egin du plazan. Euria hasiko ote zen beldurrez egon arren, jendetza bildu da mahaiaren inguruan, aurtengoan hain berezia izan den dantza ikustera. Izan ere, lehenengo aldia da Mendexako alkatea emakumea dena, eta beraz, lehenengo aldia da historian mahaiganeko dantza emakume bati egin zaiona. Txaloz bete da Mendexa, dantza bukatuaz batera. Herriaren memorian betirako gordeko den eguna da gaurkoa.
Dantzaren ostean, 90 urtetik gorako herritarrei omenaldia egin diete, ezin bereziago den egun honetan. Mahaiganeko Dantza Taldekoek aurreskua dantzatu diote Nekane Laka omenduari, eta malkoak ezin gordeta egon dira herritarrak, hunkituta. Ostean, isiltasuna nagusitu da plazan eta bertsolariek hartu dute hitza, tartean, Lakaren semeak: “Nekaezina zara nekane, beti saltsetako parte. Eskerrik asko eta segi horrela ama, zuk nahi duzun arte”.
Ondoren, inguruko guztiak bildu eta bertso poteoa hasi dute, herrian zehar. Atzo egun luzea izan arren, herritarrak leial elkartu dira goizean goizetik, eta adi entzun dituzte bertsoak ere.
Bazkalostean atseden hartzeko denbora izango dute herritarrek eta iluntzean, oraindik ere indar gehiago hartzeko, sardinak eta gazta jan eta sagardoa erateko aukera edukiko dute, Drunk Smile taldearen kontzertua entzun bitartean. Egunagaz amaitzeko, play-back txapelketan parte hartu ahal izango dute lotsa gutxien dutenek.