Mendexako jaietako azken eguna, tortilla artean
22 tortilla aurkeztu dira Mendexako jaietako IX. Tortilla Txapelketan. Giro ezin hobea dago jaietako azken egunean.
Domekan [abuztuak 6] egingo duten XIV. Marmitako Txapelketaren eta herri bazkariaren aurretik, gaur dute jaietako azken eguna mendexarrek. Atzo egun luzea izan zuten arren, gaur eguerdirako prest zeuden herritarrak tortilla goxoak prestatzen hasteko. Herriko nagusi nahiz gaztetxoen arteko elkarlanean prestatu dituzte tortillak, elkarri lagunduz. Sukalde lanetan zebiltzanez gain, ikusleren bat edo beste ere gerturatu da, tortillak nola zihoazen kuxkuxeatzera. Talde batzuetan, tortilla bat nahikoa ez, eta bi eta hiru ere prestatu dituzte, bakoitza osagai desberdinekin.
Plazatik pixka bat urrundu, eta inguruetan ere gaztetxo ugari ibili dira kuadrillan tortillak prestatzen. Batzuen lehenengo aldia izan den arren, beste batzuk aurretik ere aurkeztu izan dira: “Ez da lehenengo aldia aurkezten garena, duela urte batzuetatik aurkeztu izan gara lagun artean, eta ezin hobeto pasatzen dugu beti”.
Sukalde lanen ostean, tortilla dastaketa eta sari banaketa egin dituzte. Guztira 22 tortilla aurkeztu dira, eta Bapezak kuadrilla izan da irabazlea.
Tortillak jan, bazkaldu, eta familia eta lagunartean eguerdia pasa ostean, arratsaldean umeen krosa egongo da, eta ondoren, umeen txapel jaurtiketa. Jarraian, irrintzi txapelketan parte hartu ahalko du nahi duenak, eta arratsalde amaieran umeentzat txokolatea ere egongo da.
Egun borobil honekin eta jaiekin amaitzeko, 22:00etan kontzertuak egongo dira: Dr. Palauar, Des-Kontrol, Txapel Punk eta DJ Amataki. Azken egun honetan ere, Lekeitiotik Mendexara igotzeko autobus zerbitzua egongo da, 21:30etik 06:00etara. Horrez gain, Gababusak ere zerbitzua emango du.