Egitarau oparoagaz datoz Iruzubietako jaiak
Bihar [abuztuak 4] hasi eta domekara arte egongo da jaiekin gozatzeko aukera. Zapatuan, Markina-Xemeingo erraldoiak ere egongo dira.

Aurrera doaz Lea-Artibaiko herri eta auzoetako jaiak, eta jai giroan murgiltzeko hurrengo aukera Iruzubieta auzoan egongo da, bihartik [abuztuak 4] domekara bitartean. Edurtzerako Amaren jaiak ospatuko dituzte, ekintzaz betetako egitarau bategaz.
Bihar eguna txupinazoagaz hasiko dute, 16:00etan. Gogoz daude auzokoak, eta inor aspertu ez dadin, arratsaldean briska txapelketa egingo dute. Aurreko urteetako jaietan 25-30 bikote inguruk eman izan dute izena, eta aurten ere antzekoa espero dute antolatzaileek. Izen ematea egunean bertan izango da, 12 euro bikoteko.
Egun handia, Edurtzetako Amaren Eguna, etzi [abuztuak 5] izango da. Eguerdiko mezaren ostean, txikiteo herrikoia egingo dute. Lagun eta familiartean bazkaldu ostean, 17:00etan mus txapelketa egongo da. Antolatzaileek azpimarratu dute inguruko jai denetan egoten direla karta jokoak, eta ezin dutela huts egin: “Bestela ezin dira jaiak ospatu, ez ligukete utzi ere egingo”. Mus txapelketak briska txapelketak baino bikote batzuk gehiago mugitzen ditu eta guztira 30-40 bikote inguru elkartzen dira bertan.
Parte hartu ahal izateko izena eman beharko da, 16:00etatik aurrera, eta 15 euro izango dira bikoteko. Txapelketa batetik bestera, mus txapelketagaz batera Hiru-Txirlo Bola Joko Txapelketa egingo dute. Aurtengoan, berrikuntza modura, ez dute auzokoek antolatuko txapelketa, Hiru-Txirlo taldeak antolatuko du. Hala ere, Barrenetxeko produktu kaxa jarriko dute antolatzaileek lehen lau irabazleentzat, eta jasotako diruaren zati bat ere jasoko dute. Horrez gain, irabazleak garaikurra ere jasoko du. Gainera, parte hartzaile guztien artean La Norteñaren bi janari lote zozketatuko dituzte.
Txapelketen ostean, umeek eta ez hain umeek ere gozatu dezaten, 18:30ean Markina-Xemeingo erraldoien kalejira egongo da, eta Bizkaiko Gaiteroek giroa alaituko dute: “Orain arte inoiz ez dira Markina-Xemeingo erraldoiak egon Iruzubietako jaietan. Guraso elkartean daudenek parte hartzen dute hor, eta horrez gain, gazte batzuek lagunak dituzte bertan, eta eskaini egin ziren auzoan saiotxo bat egiteko”.
Bertsozaleek ere asetuko dute beraien gosea, 21:30ean bertso afaria egongo baita. Beñat Ugartetxea eta Etxahun Lekue izango dira bertsolariak, eta Maddi Ibaibarriaga eta Joseba Sololuze gai jartzaileak. Afarirako tiketak salgai daude Ikestei, Zubi Ondo, Armola eta Kanpape tabernetan; hamalu urte baino gutxiago dutenentzat 12 euro izango da eta hortik gorakoentzat 25 euro. Egunagaz amaitu eta afalostea alaitzeko Mirari eta Izarra trikitilariak egongo dira.

Iaz, bertso afarian. Argazkia: Iruzubietako Jai Batzordea.
Domekan, 11:30ean meza egongo da, eta ostean, Zerutxu Dantza Taldeak emanaldia eskainiko du. Nahi beste bazkaldu eta lasai egoteko astia egongo da gero, arratsaldean, 18:30ean, zaldi proba hasi arte: “Urte batzuetan herri kirolak antolatu izan ditugu, baina aurten zerbait desberdina egin nahi genuen, eta zaldi proba egitea aukera ona iruditu zitzaigun”, adierazi du antolatzaileetako batek. 20 minutuko saio bat izango da, federazioko epaile batek zuzenduko duena. Jaiekin amaitzeko, parrilada egingo dute auzotarrek: “betiko pintxoak prestatu beharrean, parrilada egiten dugu, zerbait desberdina egiteko asmoz”. Parriladako giroa alaitzen Intxausti eta Larrañaga trikitilariak arituko dira.
Antolatzaileetako batek aipatu duenez, eguraldia da jaietako arazorik handiena: “Hala ere, jendea etortzen da ingurutik, eta horregatik jarraitzen dugu urtez urte jaiak antolatzen. Jendeak erantzun egiten du, eta horrek aurrera jarraitzeko indarra ematen digu. Guk pozik jarraitzen dugu aurrera”.