Lekeitiotik Hondarribiara, belaontzian
Zapatuan [abuztuak 5] izango da bidaia, Lekeitiotik Hondarribiara. Lehentasuna 16 eta 18 urte bitarteko gazteek edukiko dute.
Zapatuan [abuztuak 5] Lekeitiotik Hondarribirainoko bidaia egin ahalko dute 16 eta 18 urte bitarteko bost gaztek, Saltillo belaontzian. Bidaia doan izango da, eta izen ematea biharko [abuztuak 4] 12:00ak arte dago zabalik, kiroldegia@lekeitio.eus helbidean edo 94 624 30 05 telefonora deituz.
Lekeitiorik Hondarribira joan aurretik, Santurtziko beste bost gaztek egingo dute bidaia Lekeitioraino. Hondarribin Lekeitioko gazteak jaitsi, eta beste bost gazte hartuko dituzte ontzian, Getariarainoko ibilbidea eginez; hortik, dinamika berdina jarraituz, Bermeora eta Bermeotik, berriro ere Santurtzira.
Saltillo Euskal Herriko Unibertsitatearen belaontzia da, eta nautika eskolakoek praktikak egiten dituzte bertan. Antolatzaileetako batek adierazi duenez, helburua gazteak itsasoaren mundura hurbiltzea da: “Adin horrekin gazte asko egoten dira zer ikasi ez dakitela, eta itsasoa ezagutzeko aukera bat eman nahi diegu”.
Gazteek belaontzi batean bidaitzeko aukera edukiko dute, eta esperientzia “polita” izan daiteke. Horrez gain, bidaiaren hasieran bideo bat jarriko dute itsasoan zer egiten den azalduko duena. Bertan, itsasoan lanean dabiltzan batzuk ere azalduko dira, beraien esperientzia kontatuz. Helburua, “itsasoaren mundua ezagutzea”. Horrez gain, egun guztiko bidaia denez, bertako lan batzuk egiten ere ikasi ahal izango dute.
Aurten antolatzen duten lehen aldia da, baina datorren urtera begirako proiektuak egiten dabiltza jada: “Euskal Ontzijabeen Elkartea eta hainbat nautika eskola ere tartean sartu nahi ditugu, eta hobeto antolatu. Oraingoz, aurten herri bakoitzean bost pertsona inguruk parte hartzen badute nahikoa izango da, horrela beraien iritzia ere jaso ahal izango dugu datorren urterako hobekuntzak egiteko”.