Munitibarko probalekuko auditorioa inauguratuko dute bihar
17:00etan Tor magoaren 'Amarru' ikuskizuna egongo da eta 19:00etan 'Azken Oturuntza' antzezlana.
Munitibarko probalekuko auditorioa inauguratuko dute bihar [abuztuak 4], eta horretarako Tor magoaren Amarru ikuskizuna egongo da 17:00etan, eta Azken Oturuntza antzerkia, 19:00etan, biak sarrera libreagaz: “Bi ekintza oso desberdin antolatu ditugu bata bestearen jarraian. Ahal den jende guztiarengana eta adin desberdinetako jendearengana heltzea da helburua” adierazi du Arkaitz Goikoetxea Munitibarko alkateak.
Herriko alkateak aipatu duenez, orain auditorioa dagoen tokian, lehen probalekua zegoen. Iaz hasi zituzten auditorioa eraikitzeko lanak. Proiektua probalekua egokitzea zen, lehengo probalekuari erabilera handiagoa eman behar zitzaiola pentsatuz. Aurten, aldiz, hobekuntzak egin dizkiote: “Jendearen begi bistara ez dira nabaritzen, baina antzoki bateko harmailak eraiki ditugu bertan, lehen zeuden metalezko harmaila modularrak ukitu gabe”.
Probalekuko auditorioa martxan egon aurretik ere, Munitibarko Udaletxeak hainbat ekintza antolatu izan ditu euskara eta kultur bizimodua indartzeko, besteak beste. Hala ere, Goikoetxeak azpimarratu du beti eduki dutela azpiegitura baten hutsunea: “Azken urteetan asko hitz egin dugu horri buruz, ea beharko genukeen edo ez. Euskara indartzea, bestelako kultur ekitaldiak egitea… hainbat helburu genituen, baina azpiegitura aldetik oso mugatuta geratzen zitzaizkigun”. Horrez gain, azpiegitura honen beste helburuetako bat Munitibarko eta inguruko herriak indartzea da, egiten diren kultur ekintzak indartuz eta jendearengana hobeto helduz, “azpiegitura hobeagoarekin”.
Aurrera begira, orain arte bezala, udaletxeko ekintzei dagokienez behintzat, antolatu izan duten kultur programazioagaz jarraitzea da, baina azpiegitura berri bategaz eta jende gehiagorengana helduz.