Bederatzigarrenez, auzolana oinarri
Lekeitioko Atabaka Kultur Elkarteak arkeologia indusketak egingo ditu Garraitz irlan, abuztuaren 14tik 16ra, Aranzadi Zientzia Elkartearen zuzendaritzapean.
Atabaka Kultur Elkartearen ekimenagaz eta Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzagaz, 2015ean hasi ziren Garraitz irlako arkeologia indusketak. Ordutik hona, Lekeitioko irlaren historia ezagutzen eta azaleratzen ibili dira. Aurten bederatzigarren urtea izango da, eta abuztuaren 14tik 16ra egingo dituzte lanak.
Indusketak, Aranzadi Zientzia Elkarteko Alfredo Moraza arkeologoak zuzenduko ditu, eta auzolanean aritzen diren boluntarioen laguntza izango du: “Urtero oso esperientzia ona izan dugu, eta jendearen erantzuna ere oso ona izan da. Normalean 35 pertsona baino gehiago etortzen dira, batzuetan 50eraino ere iritsi izan gara”, aipatu du antolatzaileetako batek. Laguntzera joaten denak, arkeologia talde profesional batean esku hartze zuzena eduki ahalko du: “Tresnak hartu eta arkeologo baten ondoan indusketa lanak egingo ditu. Emaitzak oso aberatsak izan dira orain arte, eta agertu diren aztarnak azaleratu eta ikustea beti da polita, bai arkeologoentzat, bai guretzat eta baita laguntzera etortzen direnentzat ere”. Antolatzaileek adierazi dute ez dela esperientziarik behar indusketan parte hartzeko. Boluntarioak 09:00etan egon beharko dira Garraitz irlan.
Aurkikuntzak, momentuz, Aranzadi Zientzia Elkartearen laborategian daude. Hala ere, Atabaka Kultur Elkartekoen asmoa irlan bertan aurkikuntzak ikusgai jartzea da, “baina horretarako oraindik pausu batzuk geratzen zaizkigu”.
Adierazi duenez, baliteke aurtengo indusketa azkena edo azken aurrekoa izatea: “Eraikina nahiko kokatuta dago jada, eta ez da leku askorik geratzen ikertzeko. Azpian kareharria dago, eta beraz, lur gutxi”. Azken urteetan garai batean bertako abadea zenaren hilotza lurperatuta dagoen tokiaren bila aritu dira, eta dokumentuetan agertzen den arren, ez dute ezer aurkitu: “Horren bila gabiltza. Behin matrailezur bat agertu zen, baina testuingurutik kanpo. Erritual bezala lurperatuta dagoen ezer ez dugu aurkitu, ea aurtengoan zortea dugun”.
Proiektu “polita eta berezia” izan dela aipatu du elkarteko kide batek, eta “auzolanerako dinamika oso polita” sortu dela: “Hiru oinarrirekin (herritarrak, teknikari profesionalak eta erakundeak) gauza asko lortu daitezke, oso lan emankorrak. Gure proiektu hau laster amaituko den arren, irlan oraindik ere lan asko geratzen da, egonkortze eta mantentze lanak batez ere, baina hori profesionalen esku utzi behar dugu. Guk orain arte auzolanaren bidez egin dugun guztia zoragarria izan da”.
Bisita gidatuak irlara. Indusketa lanez gain, iaz irla ikusteko bisita gidatuak antolatu zituzten. Azpimarratu dutenez, irlan aberastasun handia dago, arlo kultural eta naturalean, eta bisita gidatu baten beharra ikusten zuten, jendeak bertan dagoena ezagutu zezan. Iaz jasotako erantzuna oso ona zen, eta beraz, aurten ere bisita gidatuak egingo dituzte marea behean dagoenean. Talde handia izan ezean, ez dago izena eman beharrik. Bertara joan eta taldea osatzen denean herriko bi gazteren eskutik komentu inguruan hasi eta irlaren muturrerainoko bisita gidatuagaz gozatu ahal izango da.