Bertako produktuen erakusleihoa, Ondarroan
Bihar [abuztuak 5] nekazaritza azoka egingo dute Ondarroan, 10:00etatik 15:00etara.
Andra Mari jaien aurretik, beste urte batez, nekazaritza azoka egongo da bihar [abuztuak 5] Ondarroan, Itsasaurre Plazan, 10:00etatik 15:00etara. Lea-Artibaiko Landa Garapenerako Elkarteak antolatu du, Ondarroako Udalaren laguntzagaz.
Guztira, hemezortzi ekoizleren postuak egongo dira bertan: lau postu gazta eta esnekienak, bat eztiarekin egindako produktuenak eta beste bat arrautza produktuenak. Bestalde, bi postu egongo dira hurrego produktu mota bakoitzagaz: edariak, ogia eta gozoak, okela, ortua eta ahatekinak.
Iazko azokaren balorazio positiboa egin zuten antolatzaileek: “Jendea ibili zen, eta ekoizleek ondo baloratu zuten, salmenta onak eduki zituzten”. Antolatzaileetako batek aipatu duenez, helburua lehen sektorean lana egiten dutenei eta produktuekin eraldatzaileak direnei beraien produktua merkatura zabaltzeko salmenta gune bat zabaltzea da. Horrez gain, baita beraien produktua bitartekorik gabe erakutsi ahal izateko erakusleiho bat ahalbidetzea ere.
Bestalde, kontsumitzailearen ikuspuntutik, helburua inguruko produktuak eskuragarri jartzea da, ekoizleekin duten hartu-emana ahalbidetuz, sakonduz eta indartuz, eta baita kalitatezko bertako produktuak ezagutaraztea ere: “Ekoizle mota desberdin asko egongo dira, eta erosketa eder bat egiteko aukera ematen duen azoka da, beraz, animatu etortzera”.
Biharkoaz gain, abuztuaren 12an Lekeition egingo dute azoka, 22 ekoizleren postuekin.