Hasi dituzte abuztuko elkarretaratzeak, Osakidetzako murrizketak salatzeko
Gaur [abuztuak 4] Aulestin egin dute elkarretaratzea, eta bihar [abuztuak 5] Lekeitioko osasun etxearen aurrean egingo dute.
Osakidetzako murrizketak salatzeko asmoz elkarretaratzeak antolatu dituzte Aulestin. Barikuro elkartuko dira abuztuan, 12:00etan, plazan. Dinamika hau eta beste hainbat uztailean jarri zituzten martxan, herri txikietan erizaina eta medikua egunero egon daitezen aldarrikatuz. Herritarrek azpimarratu dute ez dakitela medikuaren kontsulta noiz dagoen eta noiz ez, eta gaixo sentituz gero ez dakitela nora jo behar duten: “Orain arte Aulestin egunero izan dugu zerbitzua, baina ez da hala herri txiki guztietan. Orain, berriz, egun batzuetan erizaina dago agian, beste batzuetan medikua, beste batzuetan inor ez edo ordu gutxiago…”.
Aldarrikapen honek oihartzuna izan dezan, sinadura bilketa hasi zuten uztailean eta oraindik ere martxan jarraitzen du. Horrez gain, medikuaren kontsulta aurrean kaxa bat jarri zuten, herritarren ahotsak biltzeko asmoz. Ekintza guztietan “jende asko” ibili dela aipatu dute herritarrek, eta “oso ondo” erantzun dutela.
Nabarmendu dute, “herritarren artean batu eta sortu” duten plataforma bat izan arren, lehenengo unetik udalaren erabateko babesa nabaritu dutela, eta baita gainontzeko herritarrena ere. Horregatik, aurrera begira hainbat asmo dituzte, tartean batzarrak egitea hurrengo pausuak erabakitzeko. Horrez gain, iraila inguruan ekintza gehiago egiteko asmoa dutela ere adierazi dute, hala ere, “lehenengo helburua herrian bertan egitea izan da, eta pixkanaka beste herriekin elkartzea ekintza gehiago egiteko”.
Datorren barikuko asteroko hitzorduaren aurretik, bihar [abuztuak 5] Lekeitioko osasun etxe aurrean egingo dute elkarretaratzea, 12:00etan, “Osakidetzan murrizketarik ez!” lelopean: “Lekeitioko osasun etxearen beharra duten herri txikietako herritarrak bertan elkartzea da helburuetako bat”.