Karta jokoan hasi dituzte Iruzubietako jaiak
Gaur [abuztuak 4] txupinazoa eta briska txapelketa egin dituzte, eta bihar eta etzi egun osoko egitarauagaz gozatu ahal izango dute.
Gogoz zeuden auzotarrak, eta eguraldia lagun, 16:00etan hasi dituzte Iruzubietako Edurtzetako Amaren jaiak, txupinazoagaz batera. Ostean, elkartera edo inguruko tabernetara joan eta lagun zein familikoekin elkartzeko denbora izan dute.
17:00etan briska txapelketan izena eman dutenen zozketa hasi dute, ea bikote bakoitzak noren aurka jokatuko duen jakiteko. Izena eman duten 30 bikote baino gehiagoren arteko zozketa egin ostean, bakoitza bere tokian eseri eta briska txapelketagaz hasi dira.
Gaurko irabazleek 180 euro eta txapela eramango dituzte. Bigarren saridunek aldiz, 120 euro eta garaikurrak, hirugarrenek 70 euro eta laugarrenek 40 euro.
Bihar, egun luzea dute aurretik. Goizean mezagaz hasiko dute eguna, eta denetarik egongo da: karta jokoa, bola joko txapelketa… Berrikuntza bezala, aurten Markina-Xemeingo erraldoiak ikusteko aukera ere egongo da, 18:30ean. Egunagaz bukatzeko bertso afaria egingo dute, ohi bezala.
Domekan, aldiz, mezaren ostean Zerutxu Dantza Taldeak emanaldia eskainiko du, eta arratsaldean, 18:30ean, zaldi proba ikusteko aukera egongo da.