Asteburua estropadez blai
Eusko Label Ligaren asteburuko estropadetan hamargarren eta seigarren sailkatu da Lekittarra eta bederatzigarren eta zortzigarren Ondarroa. Emakumezkoen ligan, Ondarroa seigarrena da sailkapen orokorrean.
Zapatuan jokatu zen Eusko Label Ligako Hondarribiko 36. bandera. Ondarroak lehenengo txandan jokatu zuen, lehenengo kaletik. Kaikuren eta Santurtziren atzetik ibili zen lehenengo ziabogan, baina hala ere lau traineruak lehia bizian ibili ziren, bi segundoko desberdintasunagaz. Bigarren ziabogan aldiz, Ondarroak sei segundoko abantaila atera zion Samertolameuri. Hirugarrenean Santurtzi deskalifikatu egin zuten, Kaikuren kalean sartu eta Sestaoko ontziaren palekin jo ostean, eta ondorioz, Kaiku izan zen lehen txandako lehenengoa. Atzetik Ondarroa, zazpi segundo eta 91 ehunekoko aldeagaz, Samertolau hirugarrena eta Santurtzi azkena.
Bigarren txandan, aldiz, lekeitiarrek jokatu zuten, bigarren kaletik. Orio txandako denen aurretik ibili zen estropada guztian, eta lehen postua lortu zuen. Atzetik, Getaria izan zuen, 22 segundo inguruko aldea ateraz. Lekeitio eta Cabo lehian ibili ziren lehenengo ziabogan, baina bigarren eta hirugarren ziabogetan aldea atera zieten Cabokoek lekeitiarrei. Ondorioz, Oriok lortu zuen txandako garaipena. Getaria izan zen bigarrena eta Cabo hirugarrena. Azkenik, Cabo baino 26 segundo inguru gehiagogaz, Lekittarra geratu zen.
Hirugarren txandan Bermeo Urdaibai izan zen irabazlea. Zierbena izan zen bigarrena eta etxekoak hirugarren postuan geratu ziren. Azkena Donostiarra izan zen. Guztietan azkarrena Bermeo Urdaibai izan zen, 19.58,67ko denboragaz. Atzetik, ia hiru segundoko aldeagaz, Zierbena geratu zen. Jarraian, Hondarribia eta Orio geratu ziren, hirugarren eta laugarren postuetan, hurrenez hurren, Bermeo Urdaibai baino bost segundo inguru gehiagoko denboragaz. Alde handiagoagaz geratu ziren Donostia bosgarren, Getaria seigarren, Cabo zazpigarren eta Kaiku zortzigarren. Atzetik, lau puntu eskuratuz, Ondarroa geratu zen, 20.42,88ko denboragaz, eta jarraian Lekittarra, 20.56,21eko denbora eginaz. Lekeitiarrei bultzaka Samertolameu geratu zen, lekeitiarrak baino 59 ehuneko gehiagogaz. Azkenik, Santurtzi geratu zen, deskalifikazioaren ondorioz.
Domekan, aldiz, Lekeition jokatu zen Eusko Label Ligako asteburuko hurrengo bandera. Lehenengo txandan jokatu zuten bai lekeitiarrek eta baita ondarrutarrek ere, lehen eta bigarren kaleetatik, hurrenez hurren. Hirugarren kaletik Samertolameuk jokatu zuen, eta laugarrenetik Santurtzik. Ziaboga guztietan gailendu zen Lekeitio, eta txandako lehenengo postua lortu zuen. Atzetik, Ondarroa geratu zen, lekeitiarrek baino 25 segundo eta 28 ehuneko gehiagoko denboragaz. Hirugarrena Samertolameu izan zen eta laugarrena Santurtzi.
Bigarren txandan, aldiz, Donostiarrak jokatu zuen lehen kaletik, eta txandako azkarrenak izan ziren, 21.18,66ko denbora eginaz. Atzetik Getaria geratu zen, hamar segundo inguru gehiagogaz, hirugarren Cabo geratu zen eta azken Kaiku. Hirugarren txandan Bermeo Urdaibaik mantendu zuen lehen postua Hondarribiko estropadan bezala, 21.02,49ko denboragaz. Atzetik Zierbena izan zuen, 20 segundo eta 8 ehuneko gehiagogaz. Hirugarren Hondarribia greatu zen eta Orio, aldiz, azken.
Atzoko Lekeitioko banderako sailkapeneko buru, beraz, Bermeo Urdaibai izan zen. Lekeitiarrek seigarren postua lortu zuten etxean, Bermeo Urdaibai baino 32 segundo eta 7 ehuneko gehiagoko denboragaz. Zortzigarren postuan Ondarroa geratu zen, bost puntu lortuz eta Bermeo Urdaibaik baino 57 segundo eta 35 ehuneko gehiagoko denboragaz.
Sailkapen orokorra. Bi bandera hauen ostean, sailkapen orokorreko buru Bermeo Urdaibai da, 123 puntugaz. Bigarren postuan Hondarribia dago, 117 puntugaz eta hirugarrenean Zierbena, 112 puntugaz. Atzetik Donostiarrak jarraitzen die 93 puntugaz. Alde handiagoagaz Orio dago bosgarren postuan, 77 puntugaz, Getaria seigarren, 68 puntugaz eta Cabo zazpigarren, 63 puntugaz. Zortzigarren, aldiz, Cabo baino bi puntu gutxiagogaz, 61 puntugaz, Lekittarra dago. 15 puntu gutxiago ditu Kaikuk, 46 zehazki. Hamargarren, Kaiku baino bi puntu gutxiagogaz, Ondarroa dago. Azken bi postuetan, Santurtzi 28 puntugaz eta Samertolameu 25egaz daude.
Emakumeen ligako Ondarroako bandera ere zapatuan jokatu zen. Lehenengo txandako laugarren kaletik jokatu zuten Ondarroako neskek, eta hirugarren geratu ziren, 11.39,30eko denboragaz. Lehenengo kaletik Portugaletek jokatu zuen, eta azken geratu zen. Lehen bi postuetan aldiz, Astillero, 11.27,67ko denbora eginaz, eta Hernani, 11.34,33ko denboragaz, geratu ziren, hurrenez hurren.
Eneko Azkarate Ondarroako nesken entrenatzaileak adierazi duenez, estropada “irregularra” ari da izaten: “Egun batzuetan lortzen dugu guk nahi dugun moduan arraun egitea, baina etxeko estropadan, adibidez, etxean jokatzearen tentsioaren eraginez atzean geratu ginen. Gainera, talde berria eta gaztea da aurtengoa, iazko ia traineru guztia aldatu egin delako”.
Bigarren txandan jokatu zuten Kaikuk, Deustok eta Zarautzek eta Kaiku nagusitu zen 11.04,43ko denboragaz. Ondarroako banderaren ostean, emakumeen ligako sailkapen orokorreko burua Kaiku da, 67 puntugaz. Atzetik, hiru puntu gutxiagogaz, zumaiarrak daude. Hiru eta laugarren postuetan, 48 eta 47 punturekin, Zarautz eta Deusto daude, hurrenez hurren. Deusto baino sei puntu gutxiagorekin Astillero dago. Ondarroa dago seigarren postuan, 27 puntugaz. Azken bi postuetan Hernani, 21 puntugaz, eta Portugalete, bederatzigaz, daude.
KAE 2 ligako estropadak ere, asteburuan jokatu dira. Zapatuan Ondarroan jokatu ziren eta atzo [abuztuak 6] Hondarribin. Zapatuan Orio izan zen estropadetako buru, 21.06,37ko denboragaz. Atzetik, hiru segundo eta 43 ehuneko gehiagogaz Donostiarra geratu zen, sei puntu eskuratuz. Hirugarren postuan Portugalete geratu zen, eta laugarrenean, aldiz, Mutriku 21 minutu, 26 segundo eta 77 ehunekoko denboragaz. Atzetik Hibaika eta San Juan geratu ziren.
Hondarribin ere, Ondarroan bezala, lehenengo txandan jokatu zuen Mutrikuk, hirugarren kaletik. Txandako azkenak geratu ziren, 22.29,33ko denboragaz. San Juanek jokatu zuen lehenengo kaletik, eta 22.20,06ko denboragaz, txandako bigarrenak geratu ziren. Bigarren kaletik, aldiz, Hibaikak jokatu zuen, eta lehen txandako garaileak izan ziren, 22.04,34ko denbora eginez.
Bigarren txandan jokatu zuten Donostiarrak, Portugaletek, Oriok eta Astillerok. Domekako estropadetako sailkapenagaz, KAE 2 ligako bigarren taldeko sailkapen orokorreko burua Orio da, 54 puntugaz. Atzetik Portugalete dago, 13 puntu gutxiagorekin. Hirugarren postuan Donostiarra dago, 36 puntugaz. Atzetik Astillero, Hibaika eta San Juan ditu, 35, 29 eta 16 puntugaz, hurrenez hurren. Azken postuan, aldiz, Mutriku dago, 13 puntu eskuratu ostean.