Mediku kontsulta herrian behar dutela aldarrikatu dute
Ispaster, Mendexa, Amoroto, Ea, Gizaburuaga eta Aulestiko herritarrek elkarretaratzea egin dute Lekeitioko osasun zentroaren aurrean, Osakidetzako murrizketak salatzeko.
Lekeition elkartu ziren zapatuan [abuztuak 5] herri txikietako eta inguruetako herritarrak, Osakidetzan egiten ari diren murrizketak salatzeko asmoz. Ispaster, Mendexa, Amoroto, Ea, Gizaburuaga eta Aulestiko herritarrek Eusko Jaurlaritzari Osakidetzan murrizketarik ez egiteko eta herritarrek lehen arreta zerbitzua herrian jasotzea bermatzeko eskatu dute: “Pandemiak agerian utzi zuen Osakidetza zein norabidetan zihoan, eta pandemiaren aitzakiapean, salbuespen egoeran onartu genituen hainbat neurrik normalizazio egoera hartu dute denborarekin, eta honela, herri txikietan geroz eta zerbitzu gutxiago ditugu”.
Azpimarratu dute mediku kontsulta itxita edo zabalik noiz egongo den ez jakiteak herritarren eta, batez ere, adinekoen zaurgarritasuna “areagotzen” duela. Murrizketek herri txikietan “bereziki” eragiten duten arren, egoera orokorra dela “jakitun” direla adierazi dute. Gainera, herri txiki eta euskaldunak direnetan, osasun langile euskaldunak behar dituztela aldarrikatu dute: “Arretaren kalitatea eta segurtasun klinikoa bermatzeko ezinbestekoa delako pazientearen hizkuntzan ematea zerbitzua”.
Adierazi dutenez, herritarrei eragiteaz haratago, Osakidetzako langileei ere “zuzenean” eragiten diete murrizketa hauek. Izan ere, “gero eta baldintza eskasagoetan” ari direla lanean salatu dute, eta askotan, “ezjakintasunean eta noraezean”. Horregatik, beraien aldarrikapenekin ere bat egiten dute eta Osakidetzako langileentzat “lan baldintza duinak” nahi dituztela nabarmendu dute.