Badator aurten ere Itxas Soinua musikaldia
Abuztuaren 11n hasi eta bost egunetan bost talde desberdin ikusi ahal izango dira Lekeition.
Itxas Soinua nazioarteko musikaldia barikuan, abuztuak 11, hasi eta abuztuaren 15era arte izango da aurtengoan. Bost egunetan, bost goi mailako musikari entzun eta ikusteko aukera egongo da Lekeitioko Andra Mariaren Zeruratzea Parrokian.
Kontzertu guztiak 22:00etan izango dira, eta eguneko kontzertua ikusteko sarrerak 21:00etan jarriko dituzte salgai, parrokiaren atarian. 5 euroko prezio sinbolikoa izango dute, antolatzaileen helburuetako bat goi mailako musikariekin edoizeinek gozatzeko aukera edukitzea baita.
Adierazi dutenez, bi musika estilok markatuko dute aurtengo jaialdia. Alde batetik, estilo klasikoagaz gozatzeko aukera egongo da Bilbao Orkestra Sinfonikoagaz zapatuan, eta Magna Boskoteagaz domekan. Bestalde, musika folklorikoa izango da bigarren protagonista Harribitxi taldeagaz barikuan, Sarrabete taldeagaz astelehenean eta Itsasoa Laino Dago ikuskizunagaz martitzenean. Azken hau berezia izango dela nabarmendu dute antolatzaileek, izan ere, dantza, antzerkia eta musika uztartuko ditu.

Sarrabete taldea astelehenean egongo da. Argazkia: Sarrabete.
43. urtea da aurtengoa, eta antolatzaileek adierazi dute bai herritarrengandik eta baita ingurukoengandik ere “babes handia” nabaritu izan dutela. Guztira 200 ikusle inguru elkartzen dira kontzertu bakoitzean, eta aurten ere hala izango da: “Egun batzuetan sarrera guztiak saltzen ditugu, eta beraz, jendea sarrera gabe ere geratzen da. Jendeak ohitura du jada jaialdira etortzeko”.
Aurtengo talde guztien jatorria euskalduna da, nahiz eta aurreko urteetan, besteak beste, Errusia, Noruega, Frantzia eta Alemaniako “talde oso esanguratsu eta garrantzitsuak” etorri izan diren: “Aurtengoan, aukera polita dago Euskal Herrian sortutako goi mailako taldeetaz gozatzeko. Musika ikasketa altuak dituzten taldeak dira, eta kalitate oso ona eskaintzen dute”.
Horrez gain, aurten azken urtea izango da Martin Ibarrolaza Itxas Soinua musikaldiaren antolakuntzan arituko dena. Orain arte, “borondate eta intentzio” guztiz aritu izan da lanean jaialdia antolatzen, eta aurten utziko du ardura. Horregatik, lekeitiarren eta Itxas Soinua antolatzen dabiltzan guztien izenean eskerrak eman nahi dizkiete antolatzaileek urte guzti hauetan egindako lan guztiarengatik.
Itxas Soinua abesbatza. Itxas Soinua jaialdi bat izan aurretik, abesbatza izan zen, eta abesbatza sortu eta zortzi urtera hasi ziren musikaldiagaz. Itxas Soinua abesbatza “goi mailakoa” izan zen, izan ere, hainbat sari irabazi zituzten, eta Espainiako umeen ahots koro garrantzitsu eta onenetariko bat izan zen, “eta beraz, izen eta prestigio handiko taldea”. Abesbatza 1998-1999 urteen artean desegin bazen ere, jaialdiak bizirik iraun du gaur egunera arte.

Itxas Soinua Abesbatzako partaideak.