Euskarazko zinemaren arnasgune
Euskal Zine Bilerako lehiaketara aurkeztu diren guztietatik 20 inguru aukeratuko dituzte.
Euskal Zine Bilerako iazko saridunak. Argazkia: Euskal Zine Bilera. Aurtengoa 46. urtea izango da Lekeitioko Euskal Zine Bilera antolatu dutena. Sortu zenean, euskal kultur ekitaldiak “apenas” zeudela aipatu du antolatzaileetako batek. Herri ekimenez, trantsizio garai “bete-betean” antolatu zuen lehenengo aldiz Lekeitioko kuadrilla batek: “Zinemazaleak ziren eta uste zuten euskarazko ikus-entzunezkoek ere bere tokia merezi zuela”. Hala ere, hasiera batean erakusleihoa baino ez zen, lehiaketa denbora batera sortu zuten, eta gaur egun ere hor jarraitzen du lehiaketak, “maila horretan, urtero, gelditu gabe, talde horrek egin zuen lanari esker“. Aurtengo lehiaketan apuntatzeko epea atzo bukatu zen. Gaurtik [abuztuak 8] aurrera, horietatik hogei lan inguru aukeratuko dituzte, hainbat irizpide jarraituz, kalitatea eta aniztasuna ziurtatzeko asmoz.
Lehiaketako epaimahaia hiru kidek osatuko dute. Alde batetik, Nerea Alberdi konpositorea, orkestratzailea eta moldatzailea egongo da, bestalde, Ramon Agirre, ibilbide luzea duen euskal aktorea, eta azkenik, Alaitz Arenaza, Zinegoak jaialdiko egungo zuzendari artistikoa. Hiru hauen artean, hainbat sari banatuko dituzte: Film onenaren saria: 3.000 euro; Zuzendaritza onenaren saria: 1.600 euro; Gidoi onenaren saria: 1.600 euro; Ikusleen saria: 750 euro; Gazte 22 saria (2001. urtetik aurrera jaiotakoentzat): 750 euro.
Urriaren 19tik 22ra izango da aurtengo Euskal Zine Bilera, eta antolatzaileek aipatu dute euskal ikus-entzunezkoen hitzordu erreferentea bihurtu dela, euskara hutsean egiten den lehiaketa bakarra baita, eta bakarra izateaz gain, baita zaharrena ere. Nabarmendu dute, urte guztian sortu diren laburmetrai gehienak ikusi ahal izaten direla bertan, eta beraz, erreferentziala ere badela: “Batzuen ustetan euskara hutsean egindako jaialdi bat izatea murriztailea izan daiteke. Guk alderantziz ulertzen dugu: gurea arnasgune bat da. Euskarak arnasguneak behar ditu, eta baita euskal kulturak ere. Garrantzitsua da euskaraz pentsatzen diren lanei, euskaraz ekoizten direnei eta euskaldunentzako ekoizten direnei ahotsa ematea”.
Euskara jaialdiaren eta lehiaketaren muinetako bat izateaz gain Lea-Artibai eskualdeko egileen lanak egotea ere bultzatzen dute. Herri ekimenez sortutako ekitaldi bat denez geroztik, azpimarratu dute beraientzako garrantzitsua dela herria ez ezik, eskualdea ere babestea erabaki guztietan: “Jaialdiak eboluzio bat izan du, eta urteak aurrera joan ahala jaialdi garaikide bat bihurtu da, baina ez dugu ahaztu nahi bere bihotza herri ekimena izan zela”. Horretarako, bai lantaldean eta baita antolatzaile taldean ere herriko eta inguruetakoek parte hartzen dute. Horrez gain, herriko eta eskualdeko sorkuntza ere bultzatu nahi dute: “Herriko zinezale batzuek hasi zuten guzti hau, eta uste dugu gure arduraren zati bat badela eskualdeko zine zaletasuna eta zine sorkuntza bultzatzea”. Kalitate estandarrak betez gero, lehiaketan parte hartuko duten lanen aukeraketa egitean bereziki begiratzen dituzte herritik eta eskualdetik datozen lanak, horiek bultzatzeko intentzioz.

Argazkia: Euskal Zine Bilera.
Sustraietara bueltan. Iaz hasitako bidean sakondu nahi dute aurten antolatzaileek, begirada guzti hau hasi zutenen filosofian jarriz: “Herritik sortutako ekimen bat da, hurbilekoa. Ez da lehiaketa huts bat eta eskaini nahi duguna ez da jaialdi bat gehiago. Ez dugu ahaztu behar ‘bilera’ hitza mantentzen dugula izenean. Hartu-emanerako eta sorkuntzarako gune bat da, baina hurbiltasunetik”. Aurten gainera, begirada bereziki jarri nahi dute belaunaldien arteko transmisioan: “Duela 46 urte honegaz hasi zirenen historia gaur arte iritsi da. Teknologia aldatu da, eta baita beste hainbat kontu ere, baina hemen jarraitzen dugu. Belaunaldien arteko transmisio hori irudikatu nahi dugu, lekukoa hartzea eta beraiek hasitako bide horretan jarraitzen dugula erakustea. Zinea, azken finean, historiak kontatzea delako, hein handi batean”.